Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren osasunak okerrera egin zuela argudiatuta. Ávilako Polizia Eskolaren 32. promozioan graduatu da, martxoaren hasieran Directa-k argitaratu zuen Belén Hammad infiltratuarekin batera.
2019ko irailaren hasieran joan zen Joan Llobet –Álvaro Gaztelu Alcaire du benetako izena, Directa-k baieztatu duenez– Lleidako Ateneu Cooperatiu taldearen taberna batera, Ávilako Polizia Eskolaren 32. promozioan graduatu eta urtebetera. Endavant antolakunde independentistaren kide batekin erlazionatu zen bertan, eta hori izan zen Lleidako mugimendu politikoekin eta sozialekin eduki zuen lehen kontaktua. Geroztik, Directa-ren arabera "aktiboki" parte hartu zuen Kataluniako ezker independentistaren hainbat antolakunde eta ekitaldietan, 2021eko azaroan Bartzelonara lan arrazoiengatik eta amaren osasunarengatik lekualdatu behar zela jakinarazi zuen arte.
Hedabide berak martxoaren hasieran argitaratu zuen Belén Hammad polizia infiltratuaren kasua, Joan Llobeten promozio berean graduatu zena. Hain zuzen, Directa-k azpimarratu duenez bien infiltrazio metodoan antzekotasun ugari atzeman daitezke: familia arrazoiak argudiatuta utzi zuten militantzia politikoa biek, eta nortasun agiri faltsu batekin bankuetan kontu korronteak sortu zituzten –Hammadek Triodos Bank bankuan, eta Llobetek, berriz, Caixabanken. Horrez gain, nortasun agiri faltsu horrekin biek eman zuten izena kirol talde edo elkargune ezberdinetan: Bartzelonako Joan Miró Kirol Zentroan egoitza duen areto futboleko Pony's FS taldera afiliatu zen Hammad, eta Club Uppercut Lleidan izena eman zuen Llobetek, bertan kickboxing-a eta muay thay-a praktikatzeko.
Infiltratuak Lleidako Escola del Treball zentroko Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko goi-maila ziklo batean izena eman zuen 2019-2020 ikasturterako. Haren ikaskide batek Directa-ri adierazi dio "erabat ziur" dagoela Llobet poliziari harriak botatzen eta barrikadak egiten aritu zela Kataluniako prozesuaren sententzia argitara atera zenean piztutako istiluetan. Ezker independentistaz gain, Kataluniako beste hainbat esparru politikoetara ere hurbildu zen Teruelen jaiotako polizia: 2020ko azaroan Gironara joan zen, bertan SEPC Herrialde Katalanetako Ikasle Sindikatuak antolatutako mahai inguru nazionalean parte hartzera. Gainera, Lleidako PAH Hipotekak Kaltetutakoen Plataformaren asanbladetara erregularki hurbiltzen zen, eta Extinction Rebellion gazteen talde ekologistaren hainbat jardueretara ere gerturatu zen.
Azken papera
Llobetek rol aktiboa izan zuen azken gertakaria Pablo Hasel rap kantariaren espetxeratzea izan zen. 2021eko otsailean Lleidako Unibertsitateko errektoretzan eginiko itxialdian parte hartu zuen, rap kantariaren atxiloketa saihesteko. Urte bereko azaroan Bartzelonara lekualdatu zen, ingurukoei bertan lana aurkitu eta bere amonaren osasunak okerrera egin zuela esanda. Bertan ere izan zituen harremanak ezker independentistarekin, hain zuzen Casal La Cruïlla taldearekin, azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira hainbat ekintzetan parte hartuz. Geroztik, ordea, ez dute haren berri izan polizia infiltratua zela baieztatu duten arte.
Erreakzioak infiltrazioari
Lleidako mugimenduetan eginiko ibilbidearekin batera, Joan Llobetek 2019 eta 2021 artean egin zituen hainbat adiskideren adierazpenak jaso ditu Directa-k. Infiltratuak bere ibilbideari ekin zion Ateneu Cooperatiuren La Baula tabernako bozeramaileak, Maria Taribók, adierazi du Espainiako Estatuak "herri antolakuntzaren" aurka egiten duela behin eta berriz, eta asteartean argitaratutako infiltrazioa beste adibide bat baino ez dela: "Gure espazioetako ateak ixten saiatzen ari dira, baina autoantolatzen eta borrokan jarraituko dugu". Lleidako Endavant antolakundeko Borja Garcíaren arabera, "Espainiako Estatuko aparatu errepresiboaren aurkako borroka bat" irabazi dute gaur.