argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Polizia bat agerian utzi du Directa hedabideak
  • 29 urteko I.J.E.G agenteak Marc Hernàndez Pons izen faltsua erabili du eta azken bi urteetan Kataluniako herri mugimendu hauetan jardun du: Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatua, etxebizitza eskubidearen aldeko Resistim al Gòtic, eta ezker independentistaren Òdenako Casal Popularrean. Directa hedabideak gaur argitaratu duen ikerketa lanak agerrarazi du infiltrazio kasu hau.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 07a
Argazkian ageri da infiltratutako Espainiako polizia, Herrialde Katalanetako Ikasle Sindikatuak greba deialdia egiteko deitu zuen prentsaurrekoan, 2021eko abenduaren 16an. Argazkia: Directa.

Azken asteetan jakin ditu Directak polizia espainiarraren identitate faltsua maskaragabetu duten datuak: ez da Palmakoa, ez du Marc izena, eta ez du hondartzako txiringoan lan egiten. Bere benetako izenaren inizialak I.J.E.G dira, Menorcan jaioa da eta Espainiako Polizia da. Directak 549 zenbakian argitaratu duen ikerketa kazetaritzak ezagutzera eman duenez, agente hau Espainiako Poliziako funtzionario izendatu zuten 2019ko ekainean, eta urte beraren amaieran eman zioten identitate faltsua, agente infiltratu bihurtuz: Marc Hernàndez Pons.

Directak polizia agente honen lorratzak jarraitu ditu: 2020ko ekainean lur hartu zuen Marc Hernàndez delakoak Kataluniako aktibismoan. Parte hartu zuen lehen elkarretaratzea ekainaren 2an Bartzelonako Unibertsitateko plazan egin zen “bizitza kapitalaren aurretik” izenekoa izan zen. Ekainaren 22an Bartzelonan etxebizitza izateko eskubidearen aldeko mugimenduan sartu zen, Resistim al Gòtic asanbladan eta ekainaren 27an Lina Òdenako Casal Popularra desalojatzearen aurkako kale ekintzan parte hartu zuen. Hamabost egun geroago Bartzelonako Unibertsitateko Irakaskuntza fakultatean matrikula egin zuen. Baina Directak ezagutzera eman duenez, hau guztia gertatu baino bost hilabete lehenago bere identitate digitala lantzen hasi zen, Twitter eta Instagram sareetan Marc Hernàndez Pon-en izenean erabiltzaileak sortuz (@MarcHernandezP2 eta @maaarchp). Identitate faltsuarekin kontu korronte bat ere zabaldu zuen CaixaBanken. Prentsaurrekoak, manifestazioak, ekintzak eta grebak burutu ditu egunerokoan. 2022Ko hasieran Endavant-en sartzeko nahia agertu zuen, baina Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatutik erantzun zioten dagoeneko espazio askotan militatzen zuela eta ez zuen bere helburua gauzatu.

Marc Hernàndez Pons izena zerabilen hura maiatzaren 23an ikusi zuten Bartzelonan azken aldiz. Gau hartan normaltasun itxurak eginez parte hartu zuen Resistim al Gòtic mugimenduko asanbladara. Bi egun beranduago aitzakiak jartzen hasi zen parte hartzen zuen Telegram taldeetan, adieraziz Mallorcara itzuli behar izan zuela “gai pertsonal larri” baten ondorioz eta kanpoan izango zela “egun edo asteetarako”. Baina bere inguruko inork ez daki ziur esaten ea benetan ihes egin duen hiritik.

Barne Ministerioa edo CNI atzean?

Directak nabarmendu du infiltrazio kasu honetan deigarria dela sasi aktibista honek era guztietako tramite administratibo eta legalak burutu ahal izan dituela identitate faltsuarekin. Herrialde Katalanetako Ikasle Sindikatuko kide batek adierazi duenez, “NAN bat zeukala ikusi genuen eta Mossoek etxe kaleratze batean identifikatu zutela”. Bartzelonako Unibertsitatean matrikula egiteko identitatea berretsi behar da eta sarbide azterketak gainditu ere bai. NAN faltsuak Barne Sailak (egun Fernando Grande-Marlaskaren agindupean) soilik eman ditzake edo CNIk eskatuta (Defentsa ministroak zuzentzen duena, Margarita Roblesek).

Kasu honen aurkako auzibidea hasiko duela iragarri du Alerta Solidaria antolakunde antierrepresiboaren bozermailea den Martí Majoralek: “Neurri legalei ekingo diegu, ziur. Baina ezin dugu esperantzarik izan. Estatuak etsaiaren zuzenbide penala aplikatzen digu eta ezin dugu jolastu legea egin eta hauek urratzen dituenarekin. Esperantzak eta indarrak jarri behar dira eguneroko formazioan, kontzientziazioan eta gero eta gehiago izatean. Herriak soilik askatu ahalko gaitu hainbesteko hipokrisiatik. Herritarren antolakuntza indartu behar dugu eta borrokan jarraitu”.

Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuko bozeramailea den Marta Daviuk adierazpen hauek egin ditu polizia infiltrazioaren berri jakin duenean: “Ezin dugu borroka gelditzeko luxua hartu. Eskubide sozial oinarrizkoenen defentsa egin behar den garaian gaude, haien artean, hezkuntza sistema publiko kalitatezko eta katalana jasotzeko eskubidea. Estatuak ez gaitu geldiaraziko, ez bide legaletatik ez ilegaletatik”.