Espainiako Gobernuak ez du lortu asteazken honetan aurrekontu proiektua onartzerik. Pedro Sanchezen exekutiboaren ezegonkortasunak hauteskundeak aurtengo apirilera aurreratzea ekar dezake.
Giro politikoa asko aldatu da Espainiako Estatuan, zein baino zein eskuinerago joateko lehian ari diren hiru alderdiek (PP, Ciudadanos eta Vox) Andaluzian indarrak batu eta kontraerreforma espainiar petoari ekin diotenetik.
Mugimendu horren aurrean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernutik botatzeko indarrak batu zituzten alderdiak sakabanatuta agertu dira azken hilabeteetan. Kataluniako partidu independentistek, asteartean hasi zen epaiketaren atarietan, pausoak eskatu zizkioten Sanchezi, baina Espainiako Gobernuak urrats heraberen bat eman badu ere –elkarrizketarako bitartekari edo “kontalari” bat izendatzeko aukera mahai gainean jartzea–, berehala egin du atzera eskuin mediatikoaren presioaren aurrean.
Azken unera arte saiatu dira akordioa lortzen, nolanahi ere. Enric Julianak La Vanguardia egunkarian azaldu duenaren arabera, astearte arratsaldean PDECat alderdiko Carles Campuzanok dokumentu batean proposatu zuen Kataluniako auziari buruzko alderdien batzorde bat sortzea, kontalaririk gabe eta EAJri bozeramaile lanak emanda –jeltzaleak Moncloaren eta Generalitatearen artean bitartekari aritu ziren 2017ko erreferendum independentistaren ondorengo egun frenetikoetan ere–.
Aukera horri muzin egin zion Sanchezek, Julianaren arabera. Hauteskundeen aurrerapena azken uneko aldaketaren batek bakarrik bota dezake atzera eta mundu guztia kalkulagailuarekin lanean hasi da dagoeneko: PSOEk ezkerretik botoak kendu nahiko dizkio Iñigo Errejonek eragindako krisiaren ondoren noraezean dabilen Podemosi, alderdi sozialista berriz ere zentro-ezkerreko erreferente nagusi bihurtuz. Independentismo kataluniarraren baitan, ERCk PDECat garaitzea du amets.
Goraldian dagoen eskuin espainiarrean berriz, ukondoka ari dira alderdiak argazkian aurrena ateratzeko: Vox-ek aste honetan beste tanto bat egin du, independentisten aurkako epaiketan akusazio partikular gisa agertuz, Javier Ortega Smith abokatuaren bidez. Ciudadanos kokaleku bila dabil, eskuin-eskuinaren eta eite liberalagoaren artean, begi bat beti Katalunian jarrita, independentismoa etengabe zigortuz. Eta PP neoaznarista berriz, Pablo Casadorekin aurpegia berrituta, betidanik berea izan den espazio horri eusten, Espainiaren batasunaren banderak ustelkeriaren trapu zikinak ezkutatu nahian.
Erritmo ikaragarri azkarrean aldatzen ari da Espainiako Estatuko panorama politikoa. Salbuespen batekin: Euskal Autonomia Erkidegoan inork ez du sorpresa handirik espero aurten egingo diren hauteskundeetan. Badirudi alderdi abertzaleek euren espazioa finkatzeko hautua egin dutela, bestelako apustuak egiteko garai hobeen zain. Nafarroako inkognita geratzen da, euskal politikan emozio pixka bat bilatzen duenarentzat: Podemosen barne-istiluek zenbateraino eragingo duten aldaketaren indar-batuketan; eta eskuin espainiarraren bultzadak hauspotuko ote dituen erregimenaren aldekoak. Ez dira bazertu behar bi bloke horietan egon arren, zeharkako paktuak bila ditzaketen alderdien mugimenduak ere. Giro politikoak pixka bat gehiago aldatu beharko du oraindik, baina hauteskunde urteak aproposak izaten dira gauza horietarako.