argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poesia Saria, Miren Agur Meaberentzat
  • 'Nola gorde errautsa kolkoan' poesia lanarengatik saritu dute idazle lekeitiarra. Sari hori jaso duen euskarazko lehen lana da.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 22a
Miren Agur Meabe (Argazkia: Tabakalera)

Asteartean jakinarazi zuen Espainiako Poesia Sariaren epaimahaiak Miren Agur Meaberen (1962, Lekeitio) Nola gorde errautsa kolkoan (Susa, 2020) lana sarituko zuela 2021eko sariketak. Epaimahaiak, erabakia arrazoitzerako orduan, adierazi du lan hori hautatu duela "euskal poeta garaikide handietako baten helduaroko poema bilduma delako". "Hamar urteko tartean landuta, maisukiro uztartzen ditu urteen iragatearen samintasuna eta bizitasuna, eta freskotasun apurtezina", laudatu du lana. Nola gorde errautsa kolkoan triptiko baten azken pieza dela azaldu zuen Meabek liburuaren aurkezpenean. Alegia, Kristalezko begi bat eleberriaren (Susa, 2013) eta Hezurren erretura narrazio bildumaren (Susa, 2019) jarraipena.

Saria Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen du, eta 20.000 eurokoa da. Miren Agur Meaberena da sari hori jaso duen lehen euskarazko lana. Oro har, gazteleraz eta gizonek idatzitako lanak nagusitu dira 1924tik ematen den sariaren edizioetan. Zortzi emakumeren lanak baizik ez dira saritu, eta honekin bost dira gaztelera ez den hizkuntzan idatzitako lan golardatuak; katalanez idatzitako bi lanek eta galegoz idatzitako beste bik jaso dute saria, eta lehen aldia da euskarazko lan batek saria jasotzen duena.

Sariketako epaimahaiak María José Gálvez Salvador izan du buru, Liburua eta Irakurketa Sustatzeko zuzendaria. Berarekin batera aritu dira Juan Gil Fernández, Katixa Aguirre Miguélez, María del Vinyet Panyella Balcells, Francisco Javier Díez de Revenga, Eduardo Moga Bayona, Julia Barella Vigal, Luis Fermín Moreno Álvarez, Esther Sánchez-Pardo González, Elena Medel Navarro eta María Olga Novo Presa.