argia.eus
INPRIMATU
Espainiako pentsioen erreforma ez onartzeko deia egin du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak
  • Asteartean, urriak 27, Espainiako Kongresuan Toledoko Itunaren jarraipen batzordeak pentsioa eskuratzeko baldintzen gogortzea onartuko du PSOE, Unidas Podemos, PP, Ciudadanos, Junts eta EAJren aldeko botoekin. Murrizketa hau onartu ez eta aurre egiteko deia zabaldu du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero bezala atzo ere Bilbon egindako elkarretaratzean.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 27a
Pentsiodunek elkarretaratzea egin zuten Gernikan ere, urriko azken astelehenean. (Argazkia: LAB Busturialdea)

1995etik Espainiako pentsio sistemaren eta lan-baldintzen erreformaren ildo nagusiak lege bihurtzen dituen Toledoko Ituna delakoak urriaren 27a dauka izendatuta legedian murrizketa berriak gehitzeko eguntzat. Okerrik ezean, Espainiako Kongresuaren baitako batzorde horrek PSOE, Unidas Podemos, PP, Ciudadanos, Junts eta EAJren aldeko botoekin onartuko ditu hilabeteotan landutako txostenak jasotzen dituen 21 gomendio nagusiak, eta horien artean: pentsioak KPI kontsumo prezioen indiziearen arabera igotzea, langileen erretiro adina atzeratzea, erretiroa aurrez hartzeko baldintzak gogortzea, edota kotizazio urterik onenak aukeratu ahal izatea. Gaur onartuko diren gomendio horiek azaroan Espainiako Diputatuen Kongresuak onartuko ditu osoko batzarrean.

Aldiz, erreforma ez onartu eta murrizketoi aurre egiteko deia zabaldu zuten atzo, urriak 26, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendutik astelehenero bezala Bilbon burututako elkarretaratzean. Pentsiodunok salatu dute gomendiok ez dituztela aintzat hartu "34 hilabetetan zehar kalean aldarrikatzen ari garena. (...)  Adierazpen asko baina konpromiso gutxi hartu ostean, 2011ko pentsioen erreformei eta iraunkortasunaren alorrari eutsi zaie". Pentsiodunen aburuz, Europako Gutun Sozialaren nahikotasun irizpideak ez dituzte betetzen gomendiook, erretretadunek ia hiru urtez karriketan aldarrikatu duten gutxieneko pentsioa (1.080 eurokoa) ez baita horietan jasotzen.

Bilboko elkarretaratze nagusiaz gain, beste herri askotan ere mobilizatu ziren atzo, urriak 26, pentsiodunak Hego Euskal Herrian COVID-19aren larritzeak sortu duen egoera konplikatuari aurre eginda: