argia.eus
INPRIMATU
Espainiako pentsio erreforma berria atzerapausoa dela diote sindikatuek
  • Espainiako Gobernuak astelehen honetan adostu du hainbat sindikatu eta patronalekin pentsioen erreformen inguruko akordioa. ELA eta LAB euskal sindikatuek kritikatu dute erreformak ez diela EAEko pentsiodunen eskaerei erantzunik ematen, eta iragarritako neurriek sistema publikoa ahuldu besterik ez dutela egingo.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 29a
Pentsiodunen manifestazio bat Bilbon. Argazkia: EiTB

Pentsioen erreforma egiteko akordio batera heldu da Espainiako Gobernua CCOO-rekin, UGT-rekin, CEOE-rekin eta Cepymer-ekin. Parlamentuan aurkeztuko duten lege proiektua jaso dute bertan.

Erreformak ez du gutxieneko pentsioen zenbatekoa zehazten, eta erretiro aurreratuen eta pentsio berrien murrizketak planteatzen ditu. Kotizazio-aldia 35 urtera arte igoko da, eta pentsio berrien zenbatekoa beherantz doituko da. Gainera, aurreko erreforman ezarritako erretiro adina mantendu egingo da. El Paísek emandako informazioaren arabera, 2050erako bi urtez luzatuko da adin efektiboa, eta adin legala 67ra helduko da 2027an.

Euskal sindikatuek kritikatu egin dituzte ezarri nahi diren neurrien ondorioak. ELAk salatu du “erreformaren helburua murrizketa berriak onartzea eta etorkizuneko pentsioak gutxitzea” dela, eta ez duela balio gutxieneko pentsio duinak bermatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskaerak alde batera gelditu direla kritikatu dute, eta iazko urtarrilaren 30eko greba orokorrean bildutako aldarrien aurkako neurriak direla.

LABek erretiro adina 60 urtetan ezarri nahi du, baina Madrildik bultzatu duten erreforma berriak “erretiro aldia zaildu eta luzatzeko pizgarriak” onartuko dituela kritikatu dute. Horren aurrean, pentsio sistema propioaren aldeko apustua egin nahi dute, hori baita sindikatuarentzat “pentsio publiko, unibertsal eta duinak bermatzeko aukera bakarra”.