argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Parekotasun Legeko akatsak aukera ematen du senideak zaintzeko baimena eskatu duten langileak kaleratzeko
  • 2/2024 Lege Organikoa abuztuaren 22an sartu da indarrean, eta “akats tekniko tamalgarria” du, Espainiako Berdintasun sailburu Ana Redondok adierazi duenez. Sexu-indarkeriaren biktimak kaleratu ezin direnen taldean sartu dituzte. Espainiako Berdintasun Ministerioak adierazi du aipaturiko akatsa ahal bezain laster zuzenduko dutela.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 22a
Espainiako Berdintasun Sailburua da Ana Redondo 2023. urtetik. Argazkia: Espainiako Berdintasun Ministerioa

Ostegunean, abuztuaren 22an, sartu da indarrean Espainiako Kongresuak onartutako Parekotasun Legea. 2/2024 Lege Organikoa abuztuaren 2an argitaratu zuten Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), baina “akats tekniko tamalgarria” antzeman dute, Espainiako Berdintasun sailburu Ana Redondok onartu zuen bezala. Idazketa-akats baten ondorioz, legeak aukera ematen du senide baten ospitaleratze edo gaixotasuna dela eta, hori zaintzeko lanaldi-murrizketa baimena eskatu duten langileak kaleratzeko. Redondok adierazi duenez, “ez dio erantzuten borondate politikoari”. Espainiako Langileen Estatutuaren aurreko testu bat hartu dute, non ez diren kontuan hartu 2023ko ekaineko Legegintzako Errege Dekretuak sartutako aldaketak.

Parekotasun Legearen bitartez, Espainiako Langileen Estatutuaren 53. eta 55. artikuluetan –non kaleratze bat deuseztzat jotzeko arrazoien zerrenda jasotzen den– sexu-indarkeriaren biktimak kaleratu ezin direnen taldean sartu dituzte, baina kendu egin dira 37.3b eta 34.8 artikuluei egindako erreferentziak. 37.3b artikuluak esaten du langileek bost eguneko baimena hartzeko eskubidea dutela ahaideen edo bizikideen istripuagatik edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik; eta 34.8 artikuluak aipatzen du langileek lanaldia egokitzeko eskatzeko duten eskubidea, familia eta lana bateragarri egiteko duten eskubidea gauzatzeko, El Saltok jaso duenez. Gogorarazi behar da kaleratzea deuseztzat jotzen dela langilearen oinarrizko eskubideak urratu direla ulertzen bada, eta kasu horretan enpresak berriro hartu behar duela kaleratutako pertsona, eta kaleratuta egon den denboran jaso ez dituen soldatak ordaindu behar dizkiola.

Berdintasun Ministerioak esan du ahal bezain laster zuzenduko dutela testua, eta Espainiako Lan Ministerioak ziurtatu du Ikuskaritza erne egongo dela eta arreta jarriko duela lanaldiaren egokitzapena eskatzearen edo baliatzearen ondoriozko edozein kaleratzetan. Redondok eta Berdintasun Ministerioak adierazi dutenez, hori ezingo da zuzendu irailera arte, parlamentuaren jarduerari berriro ekin arte: “Edozein langilek du babesa jasotzeko eskubidea, kontziliazio-eskubideak baliatzearen ondorioz kaleratzen badute".

Gizonek zein emakumeek ezingo dute %40 baino gutxiago izan, ezta %60 gainditu

Parekotasun Legearen helburua “emakumeen eta gizonen ordezkaritza paritarioa eta presentzia orekatua” da enpresa eta politika eremuan. Lege berri horrekin, parekotasun-printzipioarekin bat datorren osaera izan beharko dute 250 langile baino gehiago, 50 milioi eurotik gorako negozio-zifra, edo 43 milioitik gorako aktiboa duten sozietate kotizatuen eta interes publiko erakundeen administrazio-kontseiluek, El Saltok informatu duenez. Osaera horri dagokionez, sexu bakoitzeko langileen kopuruak langile guztien %40 izan beharko du gutxienez, eta ezingo du %60 gainditu.

Eremu politikoari dagokionez, hautagai-zerrendak txandaka osatu behar dituzte sexu bateko zein besteko pertsonek, 2/2024 Lege Organikoan aipatutako hauteskundeetan (Espainiako Kongresuko, udaletako, uharteetako kontseiluetako eta kabildoetako, autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako, Europako Parlamentuko, eta euskal lurralde historikoetako batzar nagusietako kideen hauteskundeak).

Ibexeko konpainiek 2025eko ekainerako aplikatu, eta sindikatuek eta enpresa-elkarteek 2028ra arte

Europa Press agentziak informatu du arlo ezberdinetan Parekotasun Legeak izango dituen epeei buruz. Parekotasun Legea 2025eko ekainaren 30a baino lehen aplikatu beharko zaie Ibexeko konpainiei, gainerako enpresa kotizatuek 2026an aplikatu beharko dute, eta sindikatuek eta enpresa-elkarteek 2028ra arte izango dute.

Profesionalen elkargoei dagokienez, gobernu-batzordeetako edo gobernu-kontseiluetako kideen izendapenak organo horietan ordezkaritza txikiena duen sexuaren %40ra iritsi beharko du 2026ko ekainaren 30erako.

Interes publikoko erakundeetako administrazio-kontseiluek eta goi-zuzendaritzak organo horietan ordezkaritza txikiena duen sexuaren %33 lortu beharko dute 2026ko ekainaren 30erako, eta %40 bi urte geroagoko.