argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Osasun ministroak haurrak kalera ateratzeari buruz: “Ez da une egokia”
  • Espainiako Osasun ministro Salvador Illak ostiral honetan berretsi du haurrak ez dituztela momentuz kaleratzen utziko, ia hilabetez etxetik irten gabe egon ostean. Gobernuak "tentuz " jokatzen jarraituko duela, eta egoera malgutzeko eta adingabeei irteteko aukera emateko "unea" ez dela heldu adierazi du.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 11

"Haurrak egiten ari diren ahaleginaz jabetzen gara, baina tentu handiz jokatzen jarraituko dugu", azaldu du Illak Espainiako Ministroen Kontseiluaren ostean, adingabeen irteera kontrolatuak baimentzeko aukeraz galdetuta. “Posible denean egingo dugu”, berretsi du.

Hilabetez lau pareta artean

Hilaren 14an hilabetez izango dira indarrean alarma-egoera eta konfinamendua Espainiako Estatuan. Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan, Belgikan, Alemanian, Austrian, Suitzan, Italian eta Europako beste zenbait lekutan hasieratik hartu dute kontuan haurrek eta nerabeek aire zabalera ateratzeko beharra, osasun fisiko eta mentalaren izenean. Espainiako Estatuan, aldiz, haurrak erabat desagertu dira, gurasoen ardura pribatu huts bilakatuta. Haurren hezkuntza eskolako-etxeko lanak egitera murriztuta.

Haurtzaroko profesionalen kritikak ugaltzen ari dira egunotan. Beste batzuen artean, Espainiako Gobernuak erakutsitako ‘helduzentrismoagatik’, ez dituztelako kontuan hartu haurren beharrak eta norbanako gisa dituzten eskubideak.