argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Osasun Ministerioa: “26ra arte konfinamendu neurri berberak izango ditugu”
  • Asteartean Hego Euskal Herriko langile andana lantokietara itzuliko bada ere, koronabirusaren transmisioa eteteko Espainiako Gobernuaren neurriak "lehen bi asteetan bezain eraginkorrak izango dira ondorengo bi asteetan". Hala adierazi du larunbatean Espainiako Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren (CCAES) zuzendari ondoko María José Sierrak.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 12a
Argazkia: Espainiako Gobernua

"Orain arte izan dugun konfinamendua eraginkorra izan da", esan du Sierrak koronabirusaren eguneroko jarraipena egiteko batzorde teknikoaren prentsaurrekoan, larunbatean. Datozen bi asteak lehen bi asteen "konfinamendu maila berarekin" izango direla azaldu du. Lehen bi aste horietan mugikortasuna "%70 inguru" murriztu zenez, ondorengo bi aste hauetan ere hala izan beharko lukeela, adierazi du.

Sierrak nabarmendu du konfinamendua "eraginkorra" izan dela. Eta horregatik, konfinamendu "neurriak berberak izango dira aurrerantzean ere, elkar-urruntzea oso gogorra bada ere".

Azken egunotan Espainiako Osasun ministro Salvador Illak adierazi du, neurriak apaltzen hasten direnean, umeak izango direla lehen onuradunak. Momentuz, agi denez, haur eta nerabeen beharrei muzin egiten jarraituko du Espainiako Gobernuak.