argia.eus
INPRIMATU
Espainiako monarkiari buruzko galdeketak galarazi nahi ditu PPk
  • Madrilgo zenbait udalek galdeketak antolatu dituzte igande honetan herritarrei monarkia eta errepublikaren artean hautatzeko aukera emanez. PPk, aurka azaltzeaz gain, “mehatxuak” egin ditu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 30

Madrilgo zenbait udalek galdeketak antolatu dituzte igande honetan herritarrei monarkia eta errepublikaren artean hautatzeko aukera emanez. PPk, aurka azaltzeaz gain, “mehatxuak” egin ditu.

Kontsulta horiek “legearen aurkakoak” direla eta “gorrotoa sustatzeko” baino ez dutela balio adierazi du Madrilgo PPk. Gaineratu dute ez dela zilegizkoa udalerrietako eremu publikoetan –kalean– Udalek horrelako galdeketak egitea. Horren aurrean “neurriak” hartuko dituela jakinarazi dute popularrek, Publico-k jaso duenez.

Igande honetan, orotara, Madrilgo hiru auzo eta erkidegoko bost udalerrietan egingo dituzte galdeketak.

Monarkia ala errepublika?

Duela 43 urte berrezarri zuen monarkia Francok, eta orduz geroztik borboiek izan dute erregetza. Podemos alderdiak egindako inkesta baten arabera, Espainiako Estatuko populazioaren %54 monarkiaz bozka ematearen alde dago, eta haien esanetan, errepublika gailenduko litzateke. Gainera, Espainiar Estatuko herritarren %16ak soilik lotzen du monarkia demokraziarekin.

Ez dira monarkiari buruzko lehen galdeketak izango, urte honetan zenbait lekutan egin dira galdeketak, baita Madrilen ere. Vallecas auzoko galdeketan 7.240 herritarrek bozkatu zuten, eta horietatik ia 6.500ek eman zuten errepublikaren aldeko botoa.