argia.eus
INPRIMATU
Espainiako erregea sinbolikoki eraisteagatik Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte 12 lagun
  • Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, "Espainiako erresumaren supremazismoa" salatzeko eginiko ekintza baten harira hamabi lagun Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 23a
Urriaren 12ko ekintzaren harira Auzitegi Nazionalera deitu dituzten pertsonak prentsaurrekoan. (Euskalerria Irratia)

Zeresana eman zuen ekitaldia antolatu zuten aurtengo urriaren 12an Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean: Sortuk deituta, Espainiako monarkiaren aurkako protesta-ekintza gisa, Felipe VI.aren estatua faltsu bat eta Cristobal Colón konkistatzailearen beste bat eraitsi zituzten.

Asteazken honetan jakin denez, ekintza horrekin lotuta 12 lagun deklaratzera deitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera. "Koroaren aurkako delituak" leporatzen dizkiete.

Deklaratzera deitu duten pertsonetako bat Lur Albizu Etxetxipia da. Twitter bidez adierazi duenez, "atzo beste batzuk izan ziren, gaur gu; bihar edonor izan daiteke".

"Ez gara isilduko" lemarekin eman dute beraien egoeraren berri prentsaren aurrean.