argia.eus
INPRIMATU
Militarrek antolatutako lasterketa faltsu baten kartelek haserrea eragin dute Donostian
  • Donostiako leku ugaritan dozenaka kartel agertu dira asteazken goizean, ustez Espainiako Barne Ministerioak eta Espainiako Infanteriak apirilerako antolatutako lasterketa baten berri emanez. Whatsapp bidez zabaldu dira zeuden kartelen argazkiak, sare sozial publikoetara salto egin aurretik. Beste askoren artean, lasterketaren babesle gisa agertzen den Donostiako Udalak eguerdian gezurtatu egin du berria. Ez du inork bere gain hartu ekintza.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 15a

Bi gizonen atzean emakume bat ikus daiteke kartelean eta gaztelania hutsezko "Donostia Running por la convivencia" lelopean iragarri dute. Lasterketa Loiolako koarteletik atera, hiriaren erdigunea gurutzatu eta Udaletxearen aurrean amaitzen zen.

Haserrea eragin du herritar askoren artean, eta martxoan Espainiako Armadak hirian antolatu duen historia militarrari buruzko zikloarekin lotu duten bezala, beste batzuek militarrak Donostiako kaleetan entrenatzen ibiltzen direla salatzeko baliatu dute eta beste batzuek hiriko alkate Eneko Goia orain gutxi Loiolako koartelera joan izanarekin lotu dute.

Donostia Kirolak sare sozialetan deialdia faltsua zela jakinarazi du.

Pintaketa bat ere egin dute Intxaurrondon.

"Goizetan korrika ikusten dituzun horiek ez dira kirolariak, militarrak baizik!".