Goizean goizetik Espainiako armadako kideak dabiltza Elgetan maniobrak egiten, zenbait sare sozialetako erabiltzaileek zabaldu dutenez. Gaur Intxortako frontea erori zen egunaren 75. urteurrena da, eta ondorioz, tropa frankistek herria hartu zutenekoa. Zenbaitek probokaziotzat hartu du armadaren presentzia.
1936ko irailean tropa frankistak Bergaran sartu ondoren, Elgetan jarri zuten frontea milaka gudarik. Bertan zazpi hilabete egin zituzten borrokan tropa faxistekin aurrez aurre, azkenean azken horiek irabazi zuten arte. 1937ko apirilaren 24an izan zen hori, eta egun horretan Elgeta hartu zuen Francoren armadak.
Intxorta kultur elkarteak apirilean frontea zegoen lekura bisita gidatuak prestatu ditu igandero. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da.