argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordea Uberren zerbitzura?
  • EAEko araudi autonomikoaren aurka egingo duela jakinarazi du MLBNk, Uberren presentzia Bilbon ahalbidetzeko eskaerari erantzunez.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 12a
Argazkia: Wikimedia Commons

Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde astearte (MLBN) honetan jakitera eman duenez, EAEko araudia inpugnatuko du, Uberren eskaerak babestuz.

El Salto hedabideak gogora ekarri duenaren arabera, Uber multinazionala Bartzelonatik eta Valentziatik joan den urtarrilean eta maiatzean kanporatua izan zen, hurrenez hurren. Araudi autonomikoek behartutako neurria izan zen, izan ere, Uberrek gidariak soldatapeko langile gisa aitortu beharrean, kontrol zorrotzaren pean autonomo faltsuen baldintzetan aritzera derrigortzen ditu, lanerako eredu prekarioa sustatuz. Kataluniako eta Valentziako dekretuetan oinarritu zen Eusko Jaurlaritza debeku bera bultzatzeko, Uber Bilboko kaleetan hogei gidarirekin iritsi zenean.

Batzordeak ziurtatu duenez, "ez du araua bere osotasunean zalantzan jartzen", Uber Katalunian eta Valentzian ateratzea eragin zuten aginduak baino ez: gutxienez 30 minutuko aurre-kontrataziorako epea eskatzea, bide publikoetatik zirkulatzea debekatzea zerbitzurik ematen ari ez denean, Uber ibilgailuaren erabilgarritasuna ez ikusaraztea aparkatuta dagoenean, eta eskuragarri dauden autoak geolokalizatzeko debekua. MLBNren aburuz, "agindu horiek lehia murrizten dute eta ez daude behar bezala justifikatuta ongizate orokorraren ikuspegitik".

EAEko dekretua 2019ko abenduaren 21ean jalgi behar zen berez, baina ordu batzuk lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak araudia geldiarazi zuen, Unauto VTC elkarteak hala eskatuta; beraz, Uberreko ibilgailu bat 30 minutu lehenago kontratatzeko baldintza ez zen martxan jarri, eta gidaria zeramaten garraio-ibilgailuen gidariek lanean jarraitu zuten.

Otsailean, Batzordeak araudia berrikusteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, baina Jaurlaritzak atzera bota zuen eskaera. MLBNk Eusko Jaurlaritzaren araudiaren aurka aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtso horrek Batzordeko bi sailbururen boto partikularra jaso du.