argia.eus
INPRIMATU
Espainiako lau presidente ohik gutuna idatzi diote Servini epaileari Martín Villa babestuz
  • Frankismoko gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko Argentinan zabaldutako kereilaren barruan, ostegunean deklaratuko du 1970eko hamarkadan Espainiako Gobernazio ministro izandakoak. “Demokraziaren alde” egindako lana goraipatu dute bere babesleek. Frankismoko biktimek, aldiz, gogoratu dute urte haietako poliziaren sarraski odoltsuenen arduradun politiko nagusia izan zela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko irailaren 02a
1976ko martxoaren 3koa bezalako sarraskiak "kasu isolatu" gisa deskribatu ditu Jose Luis Rodríguez Zapaterok.

Rodolfo Martín Villa babesteko gutuna idatzi diote María Servini epaile argentinarrari Felipe González, José María Aznar, José Luis Rodríguez Zapatero eta Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiek. Frankismoko agintari izandakoak ostegun honetan deklaratu beharko du Argentinak Madrilen duen enbaxadan, gizateriaren aurkako krimenengatik zabaldutako kereilan inputatu gisa ikerturik baitago.

Gutunetan, presidente ohiek goraipatu dute Martin Villak “demokraziaren alde” egindako lana. Felipe Gonzálezek, esaterako, dio bere jarrera “akatsik gabea” izan zela: “Konpromiso handia hartu zuen zuzenbide-estatuarekiko errespetuarekin, hura babestearekin eta garatzearekin”.

Martín Villa 1976tik 1977ra izan zen Gobernazio ministro Espainian –aurretik gorte frankisten prokuradore eta gobernadore zibil izana zen–, eta goi karguetan zela poliziak 1976ko martxoaren 3ko langileen kontrako sarraskia egin zuen Gasteizen; bost lagun hil eta beste milaka balaz zauritu zituzten. 1978ko Iruñeko Sanferminetan poliziaren eraso indiskriminatua gertatu zenean ere Barne ministro zen.

"Kasu isolatuak"

Aitzitik, Jose Luís Rodríguez Zapaterok idatzian dio “demokraziaren sorrera sendotzen” lagundu zuela. El Diario.es egunkariari presidente sozialista ohiak argitu dio zergatik idatzi duen gutuna: “Hura bizi izan gabe, ezin da iritzi objektiborik izan”. Trantsizioko urte horietan egindako sarraskiez hitz egiterakoan, onartu du “agian kasu isolaturen bat” egongo zitekeela, baina “ikusi behar zen nolakoa zen polizia frankista”.

Presidente ohiek ez ezik, CCOO eta UGTko idazkari nagusi ohiek, ministro ohiek eta beste hainbat goi agintarik ere bidali dizkiote gutunak epaileari –tartean dira Nicolas Redondo Terreros PSE-EEko idazkari nagusia eta Jaime Ignacio Del Burgo nafar politikari eskuindarra–. Hala, inputazioarekin “Trantsiziotik demokraziarako prozesua desitxuratzen” dela dio Antonio Gutierrez CCOOko idazkari nagusi izandakoak.

Martin Villak esan du bere burua defendatzeaz gain “gure historia hurbileko garai hoberenetako bat” ere defendatu nahi duela. Eta horretarako, gizon boteretsu eta esanguratsuen gutunak bidali arazi ditu bera epaitu behar duen epailearen bulegora.