EH Bildu, PSOE eta Podemos alderdien arteko akordioa ez dela “leiala” izan eta Europar Batasunean eta merkatuetan konfiantza falta sortu dezakeela esan du EAEko lehendakariak. Jaurlaritzak osasun edo hezkuntza arloan konfinamendu garaian hartu dituen erabakiak defendatu ditu.
Lan erreforma indargabetzeko akordioaren aurka egin du Iñigo Urkullu lehendakariak Vocento taldeak igandean argitaratu duen elkarrizketan. Batetik, akordioaren izaera bera kritikatu du: “EH Bildurekin eginiko akordioa ez zen leiala izan”. Bestetik, akordioaren edukia bera kritikatu du: “Nahasmendu erabatekoa eragin dit, eta kezka, konfiantza hausteko arriskua duelako, maila politikoan, Europar Batasunean eta nazioarteko merkatuetan". Ez du argitu akordio horrek eraginik izango duen EAJk Madrileko Kongresuan egiten ari duen politikan, EAJren erabakia dela esanez.
EH Bilduren aurka, PSEren alde
Urkulluk EH Bilduren ildo politikoa kritikatu du, akordioaren harira. EAJ kontuan ez hartzea eta estatu mailako politikaren zein indar politikoen alde egitea leporatu dio EH Bilduri, "EH Bilduk aspalditik egin du apustu indar politiko batzuen alde, ez euskal estatu independente baten eremuan, baizik eta eremu zabalago batean. EH Bilduk ez du EAJ nahi ezertarako. Ezertarako". Aldi berean, uztailaren 12ko hauteskundeen ostean bere helburua gobernua berriz ere PSErekin egitea dela berretsi du: "Gure akordioa oso positiboa izan da, egonkortasuna eta konfiantza eskaini dielako herritarrei. Hori da krisi garai batean beharrezkoa".
Jaurlaritzaren lan ona
Jaurlaritzak osasun krisian egiten ari duen lana defendatu du Urkulluk. Osasunaren arloan, txistuka hartu zuten Gurutzetako Ospitaleko profesionalen kexak ulertzen dituela esan du, baina medikuak gobernuaren “lan ona” eskertu ziotela ere gehitu du: "Balio gehiago ematen diot lanean gogor ari diren osasungintzako profesionalen konpromisoari, euren web kameratik hitzaldiak ematera jarduten direnei baino". Hildako pertsona kopurua altua izanagatik, zahar etxeen kudeaketa ona izan dela adierazi du.
Astelehenean irekitzekoak dira hainbat hezkuntza zentro. Besteak beste sindikatuek kritikatu dituzte Hezkuntza Sailaren plana zein erabakiak hartzeko moduak, aho batez. Jaurlaritzak erabakiak aldebakartasunez hartu dituenik ukatu du Urkulluk: "Proposamen mailakatua egin da, hezkuntza-komunitatearekin hitz egiten ari zen eta hitz egiten jarraitzen da".