Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016-ren eta Kontseiluaren aurka jarritako salaketa kentzea erabaki du. Salaketa martxoan jarri zuen, Europako Hizkuntza Aniztasunaren goi bileraren antolaketan izan ziren “ustezko irregulartasunak” zirela eta.
Kultura ministerioak salaketa jartzean adierazi zuenez, aipaturiko bilera lehiaketa publikorik gabe esleitu zitzaion Kontseiluari. Orain, ordea, Donostia 2016k eta Kontseiluak “proiektua birdefinitzea” adostu dute, bileraren antolakuntzan hizkuntza aniztasunaren alorreko beste eragile batzuek ere parte har dezaten.
Egoera horretan, Donostia 2016tik adierazi dutenez, Kultura Ministerioak salaketa kentzea erabaki du, “akordioaren ostean jardunaldi horien helburuak bermaturik baitaude”.
Hizkuntza Aniztasunaren goi bilera datorren urtean eginen da. Bertan hizkuntza eskubideak gauzatzeko protokoloa aurkeztuko dute. Gainera, giza eskubideen eta hizkuntzaren esparruko aditu eta eragileekin eztabaida eta akordio prozesuak jarriko dira martxan.