argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Kongresuak larrialdi egoera maiatzaren 24ra arte luzatzea onartu du
  • Espaniako Kongresuen Diputatuak baiezkoa eman dio alarma egoera maiatzaren 24ra arte luzatzeko Espainiako Gobernuak egindako proposamenari. EAJren eta Ciudadanosen baiezkoa giltzarri izan da eskaera aurrera atera dadin.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 06a

Martxoaren 14az geroztik alarma egoeraren laugarren luzapena da. Orain arte alderdi guztien sostengua izan du, baina oraingoan estuago ibili da. Honako alderdiek baiezkoak bozkatu dute: Espainiako koalizio gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos, Ciudadanos, EAJ, Compromis, Más Pais, Teruel Existe, PRC, Coalición Canaria eta Nueva Canarias.

ERCk lehen aldiz bozkatu du ezetz, JxCat, CUP, Foro eta Voxekin batera. Bilduk, UPNk eta BNGk abstentzioaren alde egin dute. Berdin PPk, baina Espainiako Gobernuari jakinarazi dio hurrengoan ezezkoa bozkatuko duela.

Pedro Sanchezek jakinarazi duenez, alarma egoera da probintzia arteko mugikortasuna eten dezakeen tresnarik eraginkorrena eta berau bai ala bai luzatu behar zen. Oraindik aste batzuetan hala egin beharko dela ere aurreratu du. Irekialdiari begira, zehaztu du erkidegoekin komunikazioa handituko dela erabakiak hartzerako orduan. Hori zen EAJk jarritako baldintzen artean, EAEko hauteskundeak egiten uztearekin batera.