Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.
Azken olatu dekolonialak bere bidea egiten jarraitzen du Abya Yalan eta Kariben. Kolonialismoarekin lotutako sinbologia aldatzen ari dira hainbat herrialdetan, eta horietako bat da Trinidad eta Tobago. Prozesu luzeago baten lehen pauso gisa, irletako presidenteak jakinarazi du herrialdeko armarrian ohorezko lekua duten Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak –Niña, Pinta eta Santa María– ezabatzea.
1962an, Independentzia Batzordeak diseinatu zuen armarria, urte horretan bertan Erresuma Batutik atera eta independentzia lortu ondoren. Ontziak urre-koloreko bi kolibriren azpian daude, irlen irudikapen baten gainean. Azpian ondoko leloa dute ingelesez: "Elkarrekin ditugu asmoak, elkarrekin lortzen ditugu". Ontzien partez danbor metalikoak paratuko dituzte, Karibeko uhartean sortutako perkusio-instrumentua. "Gure konstituzioan ditugun aztarna kolonialak ezabatzeko bidean gaude", esan du Keith Rowley presidenteak. Baliteke diseinu berria datorren irailaren amaierarako prest egotea eta, arrazoi logistikoengatik, gobernuak sei hilabeteko epea eman dio bere buruari aldaketa egiteko.
Ekimenak Caricom batzordearen sustengua du. Estatuaz gaindiko erakundea da, eta esklaboen salerosketagatik eta Europako metropoliek lurraldeak etengabe ustiatzeagatik justizia eta konpentsazioak lortzea du helburu. "Colonek ez gintuen deskubritu, uharteak populatuta zeuden bera iritsi zenerako", adierazi du Rowley presidente liberalak.
Erabakia jakinarazi dute asteazken honetan egindako eztabaida publiko baten atarian. Bilera horretan kolonialismoarekin lotutako ikur, izen eta monumentu jakin batzuk kendu behar ote diren eztabaidatu dute.
Aldaketa gehiagoren aurrekari
Hiriburuko auditorio batean Cristobal Colon eta garai kolonialeko beste figura batzuk eztabaidagai izan dituzte asteazken honetan. Parte hartu zuten bi dozenatik gora pertsonek, eta Internet bidez parte hartu zuten beste hainbatek, sinbolo eta izen kolonialak kentzearen alde egin zuten.
Gobernuak bi uharteetako biztanleei galdetu die ea kolonialismoarekin lotutako monumentuak, ikurrak, kale-izenak eta bestelakoak kentzearen alde ote dauden eta hala balitz, espazio horiek nola ordezkatu.
Afrikar, europar eta jatorrizko herritarren ondorengoek parte hartu dute ekitaldian. AP agentziak jaso duenez, batzuek proposatu dute Puerto España hiriburuan dagoen Cristobal Colon plazan dagoen Colonen omenezko estatua kendu eta museo batean jartzea. Beste batzuek suntsitu eta jendeari "bere gorpuzkiak zapaltzen" uzteko eskatu dute. Beste parte-hartzaile batek iradoki du kolonizatzaileen omenezko estatua guztiak elkartu eta "zitalen plaza" sortzea.
Aurreikusita dago eztabaidak jarraipena izatea beste irlan, Tobagon; izan ere, gobernuak herritarren ia 200 proposamen jaso ditu balizko aldaketei buruz.
Herrialdearen arrasto koloniala, izenean bertan
Karibeko Trinidad eta Tobago uharteek Venezuelako kostaldetik gertu dagoen nazioa osatzen dute. Espainiaren kolonia izan zen konkistatik 1797ra arte, orduan Frantziak hartu zuen kolonizatzailearen papera eta 1888an Britainia Handiak itsasoz haraindiko bere lurraldetzat hartu zituen bi uharteak. 1962an independentzia lortu zuen Britainiar Inperiotik, eta 1976an errepublika bihurtu zen.
Egun Trinidad deritzon uhartea karibez populatuta zegoen konkistaren aurretik, eta kalugoak bizi ziren Tobagon. 1498ko uztailaren 31n iritsi zen uharteetara Colon. Historialari batzuen arabera, Trinidad uhartearen izena Cairi (Kolibriaren lurraldea) zen espainiar kolonizatzaileak –tartean euskaldun asko, Colonen espedizio guztietan pisu handia izan baitzuten– iritsi baino lehen. Cristobal Colonek "Tierra de la Santísima Trinidad" (Hirutasun Santuaren Lurraldea) deitu zion eta hortik geratu zaio izena gaur arte. Uharteen "aurkikuntzaren" ondorengo egunetan, Venezuela inguruan zela, Colonek honako hau idatzi zuen bere egunerokoan: "Lur hauek beste mundu bat dira, eta aberastasun handiak emango dizkiote Gaztelako Koroari eta Kristautasunari, Europan atzera egiten dena, haietan hedatuko da".
San Fernandoko unibertsitateko irakasle Anarion Masonek azpimarratu duenez, arlo askotan txertatu behar da ikuspegi dekoloniala herrialdean. Adibidez, herri eta hiri askok indar kolonialek emandako izenak daramatzate oraindik, adibidez Puerto España hiriburuak, San Fernandok edota Scarboroughek kasu; edota ikasketa-planak Erresuma Batuko historia, literatura eta arau kulturalak azpimarratzen jarraitzen du, askotan "bertako historia propio eta aberatsaren kalterako".