argia.eus
INPRIMATU
Espainiako kolonialismoarekin lotutako bost kaleren izenak aldatzea eskatu dute Orion
  • Orioko bost kaleri izena aldatu diete Etxeluze gaztetxeko kideek hilaren hasieran, bideo batean jaso dutenez. Espainiako Inperioaren zerbitzura aritutako hiru militar eta bi goi arduradunen omenezko kaleak dira. Aldarrikapen hau ez da berria. 2019ko Gazte Festen hasieran bost kale horiei izenak sinbolikoki aldatu zizkieten gazteek.

Axier Lopez @axierL 2022ko apirilaren 22a
Endaia militar kolonialistaren omenezko kaleari izena aldatu eta Sorgin plaza jarri diote diote gaztetxeko kideek. 2019an ekintza berdina egin zuten. Argazkia Urola Kostako Hitza.

Orioko kale izendegitik Urdaire, Areizaga, Endaia, Oa Almirantea eta Antxiola kaleei izena aldatzea eskatu dute bideo eta ekimen baten bitartez. Karkarak igo du sarera:

"Oriotarrek heroi bihurtutako bost kriminal" direla salatu dute. Herriko hedabideak bost pertsona horien profila jaso zuen 2019an:

Juanes de Urdaire (1550-1606). Urdaire kalea. Orion jaio zen eta balea arrantzako kapitain izan zen. Itsas armategiko kapitain gisa aritu zen lehena. Tierra Firme armadako –Espainiako Inperioa Peruko koloniekin lotzen zituen gerra eta "merkataritzarako" ontzidia– almirantea.

Antonio de Areizaga (?-1720). Aritzaga kalea. Errege Armadako almirantea izan zen. San Pedro gerraontziko kapitaina.

Tomas Endaya (XVIII.mendea). Endaia Plaza. Bay probintziako gerra kapitaina izan zen, bi aldiz Manilako alkate eta Hegoaldeko Itsasoko Ibilbideko jenerala hiru (Filipinak) aldiz. 1710. urtean armada guztiaren maisu izan zen; hau da, bigarren kargu inportanteena zuen.

Gabriel de Hoa (XVI-XVII mendeak). Almirante Oa kalea. Felipe III.a Erregearen idazkaria izan zen Indietako Errege Kontseiluan.

Manuel Antonio de Antxiola (XVIII.mendea). Antxiola kalea. Urteetan Karlos III.aren ministro izan zen.

Bost izen horien partez, izen herrikoiago batzuk jartzeko proposamena egin dute. Eta horretarako kale horien plaken gainean beste izen hauek paratu dituzte: Inude kalea (Antxiolaren partez), Euskara kalea (Aritzagaren partez), Kixkurne kalea (Urdaire), Gaupasero kalea (Almirante Oa), eta Sorgin plaza (Endaiaren ordez).

Antxon Agirre (1946-2014) etnografo eta Orio, oro, hori herriko historiaren liburuaren egileak KarKara hedabideari adierazi zionez, "arma karreran nabarmendu direnak dira horiek, Espainiaren administrazioko goi mailako funtzionarioak ere izan dira beste batzuk; eta letretako pertsonak, apaiz erudituak eta garrantzi handiko bestelako lanbideetakoak ere bai".

Gutxienez, 2019tik datorren aldarrikapena

2019ko iraileko azken asteburuan ospatu zituzten 10. Gazte Festetan kaleen izenen aldaketa izan zuten mintzagai. Herri indigenen aldeko eta konkistatzaileen kontrako jarrera bere eginez, bost kale horiei aipatutako izen alternatiboak jarri zizkieten kalejiran.

Gazte Festaren inguruan herriko hedabidearen kronikan jaso zutenez, Orion "sarraski eta supremazia zuriaren eraikuntzan kolaboratu" dela helarazi zuten gazteek, Urdaire, Aritzaga, Endaia, Hoa eta Antxiolaren izenak miresteagatik. "Iraganeko akatsak ez errepikatzeko, historia zapalduen ikuspuntutik idatzi eta bost oriotar hauek kriminal gisa hartu behar ditugu, eta ez heroi gisa".

Kronika horren arabera, Gazte Festak antolatzen dituen taldea udalarekin elkartu zen eta udalak helarazi zien kale-izendegian aldaketak egiteko prestasuna, eta gaia lantzen ari zela. Bi urte eta erdi ostean, pandemia tarteko, aldaketarik ez da izan.