argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Itzulia protesta artean igaroko da Euskal Herritik
  • Araba salbu, gainontzeko sei herrialdeetatik igaroko dira txirrindulariak ostegun, ostiral eta larunbatean.Trafikoan eragin handia izango du txirrindularitza probak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 01

Azken egunetan eguzki galdatan aritu behar izan dute Espainiako Itzulian lehiatzen ari diren txirrindulariek. Galizian, Asturiasen eta Kantabrian ibili ostean, ikusteke dago eguraldiak zer harrera egingo dien Euskal Herrian. Herritarren harrera ere, kolokan: protestak iragarri dituzte zenbait lekutan.

Bilbon amaituko da osteguneko etapa, eta bidean Muskizetik igaroko da Kantabriatik datorren tropela. Deialdia luzatu dute Las Karreraseko bizilagunek, 15:30ean euskal ikurrekin kalera irteteko. Abandotik ere igaroko da, eta bertako EH Bilduk “hau Euskal Herria dela erakusteko” deialdia egin du.

Ostiralean Bilbo eta Urdazubi arteko etapa izango da, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa zeharkatuko ditu. Ordurako ere antolatuta daude protesta ekitaldiak: Bilboko udaletxe parean hasiko da etapa, eta bertan biltzeko dei egin dute “Ikus gaitzatela! Euskal Herria aldarrikatu” lelopean. Goizeko hamaiketan jarri dute hitzordua, eta ikurrinak eta presoen aldeko ikurrak eramateko dei egin dute.

Larunbatean Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa zeharkatuko dituzte txirrindulariek.

Trafiko arazoak aurreikusten dira

Aldaketa handiak daude iragarrita trafikoari dagokionez. Bilbon, esaterako, udal ordezkariek autorik ez hartzeko dei egin diete herritarrei, eta Kale Nagusiaren inguruetan aparkatuta daudenak erretiratzeko eskatu.

San Mameseko irteera itxita egongo da ostegunean, 15:15tik 16:40ra bitartean, eta Juan Garai kaletik joan beharko dute Bilbora sartu edo autobidera irten nahi dutenek. Halaber, Txorierri, Begoña, Salbe eta Ugaskoko tuneletatik ere ezingo da igaro. Garraio publikoaren ibilbideak ere aldarazi egingo ditu etaparen ibilbideak. Bereziki, autobus eta tranbietan.

Itzulia igaroko den beste lekuetan ere aldaketak daude iragarrita. Ostiralean, esaterako, kostako errepidea itxi egingo da Deba eta Zarautz artean arratsaldeko lehen orduetan.