argia.eus
INPRIMATU
CNIk dio ez dituela alderdiak espiatu
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 06a
CNIko zuzendari Félix Sanz roldán. (Arg: rtve)

Espainiako Sekretu Ofizialen Batzordearekin bildu da asteazkenean CNIko buru Félix Sanz Roldán, hark zuzendutako agentziak atzerriko politikarien eta herritarren espioitzan bete duen papera azaltzeko. Sanz Roldánek ukatu egin du alderdi politikoak espiatu izana eta hartara gezurtatu egin ditu asteburuan El País egunkariak argitaratu zuena: hainbat alderdi, tartean ezker abertzalea, zelatatzen dituela inteligentzia zentroak.

Beste bi berrik ere piztu dute CNIren inguruko susmoa: batetik, El Mundoren arabera, 60,5 milio dei kontrolatu ditu Espainiak; bestetik, The Wall Street Journalek dioenez, AEBei espioitza bidez lortutako datuak eman dizkie.

Kongresuan azalpenak eman aurretik, PPk babesa eskaini dio Inteligentzia Zentroari. Dioenez, ziur da CNIk marko legalaren barnean jardun duela.

PSOE, aldiz, mesfidati azaldu da. Soraya Rodriguez PSOEko kideak adierazi du “azalpen asko” eman behar dituela agentziak. Bi gai nagusi azaltzeko eskatuko diote sozialistek: atzerriko liderren telefono deien kontrola eta Espainiako Estatuko alderdiei egindako jarraipenak.

EAJren eta Amaiurren galderak

EAJk alderdien espiotzairi buruzko galderak luzatuko dizkio Sanz Roldani. Amaiurrek ezin izan du batzordean parte hartu PPren betoa daukalako. Halere, koalizioko Rafa Larreinak adierazi du legezko alderdiak zelatatzeko dirua eta orotariko baliabideak jartzea zentzugabea dela; Amaiurrek jakin nahi du ea euren jarduna zelatatu duen CNIk.

Ezker Anitzak ere konfiantza gutxi dauka Espainiako Inteligentzia Agentziak egindako lanarekin. José Luis Centella Ezker Anitzako eledunak salatu du haren alderdia “oso zelatatua” izaten ari dela. Adierazi duenez, Sanz Roldani galdetuko dio ea AEBen “frankizia” izan den CNI. “Espainiak AEBen lan zikina egin duen jakin nahiko nuke”, esan du.

UPyDk, berriz, alderdietako kasuen harira baino, herritarrei egindako zelatei buruz mintzatuko dela aurreratu du.