argia.eus
INPRIMATU
Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrak bete gabe jarraitzen duela salatu du euskalgintzak
  • Sei hilabete igaro dira Espainiako Estatuko Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Baina hizkuntza gutxituekiko hainbat xedapenek bete gabe jarraitzen dutela salatu dute Pantailak Euskaraz, Hekimen Elkartea eta Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskal Herritik legeari emendakinak aurkeztu zizkioten eragileak.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 06a
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Legeak hainbat betebehar ezartzen dizkie telebistei eta plataformei; hizkuntza koofizialei kuotak ezartzea eta diru sarreren ehuneko bat hizkuntza horietan egindako lanetarako erabiltzea, esaterako. Plataforma batzuk euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki kopurua handitu duten arren, eragileen arabera ez dira jadanik indarrean dauden hainbat artikulu betetzen ari. Izan ere, adierazi dute Espainiako Gobernuari eta RTVEri dagokiela legean jasotako gutxieneko neurri horiek ere errespetatzea.

Hiru dira, zehazki, indarrean egon arren momentuz bete gabe jarraitzen duten atalak, elkarteen esanetan. Batetik, RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta horien katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskara, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskainiko dituela bermatu behar du. Bestetik, streaming plataformek hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte euren edukietan. Azkenik, plataforma horiek hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte. Xedapen horiez gain, "telebista lineal eta eskari bidezkoak ez dira ezgaitasunak dituzten pertsonen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna euren hizkuntza ofizialean bermatzeko artikuluak betetzen ari", adierazi du Kontseiluak.

Kezka handiagotu da eragileen artean, hilabeteotan ezagutu den ikerketa baten emaitzengatik. UEMAk bere udalerrietako haurren ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertu ditu, eta ondorioetako bat da Clan TV dela lehen hezkuntzako haurrek gehien ikusten duten katea. Bestalde, streaming plataformak "bideragarritasun teknikoaren aitzakiari" heltzen diotela dio Kontseiluak, bikoiztutako bertsiorik ez eskaintzeko.

Espainiako Gobernuari, RTVEri, Eusko Jaurlaritzari, EITBri eta streaming plataformei legea betetzeko eskatu die Kontseiluak. Are gehiago, euskararen presentzia ikus-entzunezkoetan handitzea posible egiteko, eta, hortaz, euskararen normalizaziorako estrategikoa den eremu horretan "hizkuntzaren ikusgarritasuna eta irisgarritasuna" bermatzeko, beharrezkoa ikusi dute Eusko Jaurlaritzak EITB bitartez sortutako Primeran plataforman euskara izatea lehenetsitako hizkuntza, eta euskarazko kalitatezko edukiak eskaintzea.