argia.eus
INPRIMATU
Espainiako hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratu ditu Pedro Sanchezek
  • Espainiako hauteskundeak apirilaren 28an egingo dira, Pedro Sanchezek ostiral honetan iragarri duenez.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 15a
Pedro Sanchez Espainiako presidentea, ostiral honetako agerraldian.

Asteazken honetan Espainiako Gobernuak ez du lortu bere aurrekontu-proiektua onartzerik eta geroztik bozak aurreratzeko aukera mahai gainean zegoen. Noiz izango ziren, ordea, zehaztu gabe egon da orain arte. Hainbat aukera zeuden, apirilaren 14an egitea adibidez, Espainiako II. Errepublikaren egunarekin bat eginez; baita maiatzaren 26an egingo diren Udal eta Foru hauteskundeekin eta hauteskunde europarrekin batera egitea ere, “Super Igande” deiturikoan.

Ostiral honetan konfirmatu denez, apirilaren 28an egitea erabaki du Sanchezek.

Horren berri emateko agerraldian, gogora ekarri du nola iritsi zen boterera iaz, PPren ustelkeria eskandaluek Espainiako Kongresuan zentsura-mozioa eragin zutenean, oposizioko alderdiak batuz Mariano Rajoy Moncloatik botatzeko.

Bederatzi hilabete geroago, PSOEk gidatutako gobernu horrek ez dio eutsi: ezin izan ditu aurrekontuak onartu eta sozialistek Andaluziako hauteskundeak galdu dituzte hiru alderdi eskuindarrek (PP, Ciudadanos eta Vox) bat egin ostean.

Ikusteko dago joan den asteburuan Madrilgo Colón plazan Sanchezen kontra elkartu ziren hiru indar horien goraldia Espainiako Estatu osora iristen den hauteskunde hauetan.