100 egun igaro dira Espainiako Estatuko hauteskundeak egin zirenetik, eta alderdi politikoetako ordezkariek ez dute gobernua osatzerik lortu. Abenduaren 20ko bozetatik akordioak erdiesteko ahaleginean jardun dute zenbait alderdik, batez ere, PSOEk.
Hauteskundeak irabazi bazituen ere, Mariano Rajoy PPko hautagai nagusiak uko egin zion inbestitua izaten saiatzeari, gainerako alderdien babesa izango ez zuela jakinik: urtarrilaren 22an ezetz esan zion Felipe VI erregearen proposamenari. Hala ere, ez zuen etorkizunean inbestidura saioan aurkeztea baztertu. PSOE eta Ciudadanosen babesa lortzea da PPren asmoa. Rajoyk ez luke beharrezko izango Ciudadanosen babesa, baina “komenigarria litzateke”, bere esanetan. PSOEk behin eta berriz ukatu du Rajoy buru duen gobernu bat babesteko aukera.
Blokeo egoera deuseztatu nahian, otsailaren 2an Erregearekin eginiko biltzarrean inbestitua izaten saiatzeko erronka onartu zuen PSOEko hautagai nagusi Pedro Sanchezek. Akordioa erdietsiz, Ciudadanosen babesa besterik ez zuen lortu, ordea. Ez zen aski izan gobernua osatzeko. Ezker Batuko bozeramaile Alberto Garzonek bultzaturiko ezkerreko alderdien negoziazio mahaiaren porrota eragin zuen akordioak, Podemosek PSOErekin negoziatzen jarraitzeari uko egin ostean.
Ciudadanosen eta Podemosen babesa lortzea du xede Pedro Sanchezek, bi alderdi sortu berrien arteko harremanak hotzak diren arren. Pedro Sanchez eta Pablo Iglesiasek asteazkenean dute bilera. Apirilaren amaierara bitartean hautagaiek gobernua osatzeko babesa lortzen ez badute, maiatzaren 2an Gorteak desegin, eta ekainaren 26an hauteskunde berriak egingo lirateke.
Hauteskunde kanpaina
Hauteskunde kanpainan “PPko Generazio Berriak” bataiatu zuen Pedro Sanchezek Ciudadanos. Bere aldetik, alderdi berriko hautagai nagusi Albert Riverak PSOEren eta PPren ohiko gobernuak babesteko aukera ukatu zuen. Alderdi barneko ustelkeria garbitzeko eskatu izan dio Riverak behin eta berriz PPri.