argia.eus
INPRIMATU
Espainiako hauteskunde orokorrak abenduaren 20an izango dira
  • Mariano Rajoy Espainiako presidenteak azaldu du aukeratutako datak  tarte gehiago uzten diela 2016ko aurrekontuak onartu, hauteskundetara deitu, eta parlamentua osatzeko.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 02a
Hauteskundeen data aurreratzeaz gain, Kataluniaz zabal hitz egin zuen Mariano Rajoyk

Hauteskundeak abenduaren 13an edo 20an zen egitekoa Espainiako Gobernua. Hartutako erabakia Gabonetako oporraldiaren gertutasunagatik dela justifikatu du Rajoyk, Antena 3 telebista kateak egindako elkarrizketan. Bere hitzetan, hauteskundeak abenduaren 13an egingo baziren, parlamentua Gabonetako oporraldian osatu beharko lukete, zehazki urtarrilaren 7an. Inkesten arabera, alderdi batek ere ez du lortuko gehiengoa, eta ondorioz gobernagarritasun akordioak bilatu beharko lituzkete. Gobernuak onartu behar dituen 2016ko aurrekontuek eragin handia izango dute negoziaketetan. Prozesua luzea izan daiteke, eta horregatik oporraldiaren ostean tarte gehiago nahi dute.

Hauteskundeak iragarri baditu ere, elkarrizketako gai nagusia Katalunia izan da. Rajoyk adierazi du Kataluniako hauteskundeen ostean ikusi dela independentzia aldarrikatzeko “arrisku  gutxiago” dagoela, independentistek “soilik” erroldaren %36aren babesa lortu dutelako. Horren harira, Espainiako presidenteak azaldu du Kataluniako egoera “pedagogiaz” eta “hitz eginez” konpondu beharko dela, eta orain arte ezer gutxi egin izana ukatu du.  

Artur Mas Kataluniako jarduneko presidentearen inputazioaz ere aritu da.  Ukatu egin du Madrilgo gobernuaren erabakia izan denik. Hala ere, argi utzi du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia babestuko duela.

Konstituzioaren balizko erreforma

Kataluniako hauteskundeen harira, zenbait alderdik defendatzen duten Konstituzioaren erreformaz ere aritu da. Betiko jarrera agertu du Espainiako presidenteak; hitz egiteko prest dela aipatu du, baina beti ere Espainiaren “batasuna” kolokan jartzen ez bada. Pedro Sánchezi egotzi dio Konstituzioaren erreformaren aukera “behin eta berriz” plazaratzea, baina, proiektu “zehatzik” ez izatea.