argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Goya sarietarako hautatu dute inperialismoa zuritzeagatik kritikatua den Elkanori buruzko filma
  • Espainiako eta Euskal Herriko erakunde pubilkoen diruz lagundutako eta sustatutako Elkano, lehen mundu bira filma animaziozko lanik onenaren Goya sarirako izendatu dute. Bien bitartean, film hori bera zinemetan eskaini ala ez aztertzen ari dira Filipinetan, hango banatzaileak atzera egin ostean.

Axier Lopez @axierL 2019ko abenduaren 04a
Angel Alonso zuzendaria filmaren protagonistekin. Irudia: Bidasoako Hitza

Urtarrilaren 25ean banatuko dituzte Espainiako zinemaren sari nagusiak, eta, euskal ordezkaritzaren artean, Angel Alonso zuzendariaren Elkano, lehen mundu bira izango da. Animaziozko lanik onenaren saria irabazteko hiru hautagaietako bat izango da. Umeei zuzendutako filma Dibulitoon ekoiztetxeak sortu du eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak, EiTBk eta Espainiako Gobernuak diruz lagundutako produktua da. Joan Sebastian Elkano getariarra omendu eta berak egindakoa ospatzeko eta gogoratzeko EAEn eratu duten Elkano Fundazioa izan da film honen sustatzaile nagusia Euskal Herrian, Espainian beste hainbeste egin du "V Centenario, 1º vuelta al mundo" ekimenak.

Espainiako zinemak saritzeko moduko lana dela iritzi duen filma ez da ikuspegi berarekin hartu Espainiako inperialismoaren ondorioak urte luzez sufritu dituzten lurretan. Horren erakusgarri Filipinetan filmak estreinatu aurretik jaso duen kritika saldoa. Hainbestekoa izan da, ezen Filipinetako zinemetan banatzeko ardura zuen enpresak atzera egin duen. Egun, hainbat historialari eta aditu aztertzen ari dira Elkano, lehen mundu bira Filipinetako zinemetan eskaintzeko egokia den ala ez.

Espainiako inperialismoa zuritzea da filmak jaso duen kritikarik ohikoena, baina badira bestelako ikuspegi batetik egindakoak ere. Horietako bat da dioena, Elkanoren filmeko pertsonai nagusiak Mexikoko konkistan girotutako El Doradorako Bidea filmaren kopia direla, baita emakumezko pertsonaien estetikari darion kutsu matxista ere. Albiste honetan jaso genituen kritika horiek.

Abenturazko serie bat

RTVE, Espainiako hedabide publikoa, Elkano eta Magallaesen "itsas-balentriari buruzko" serie bat egiten hasi da. Ordubeteko iraupeneko lau atalez osatuko dute, gaztelania hutsean grabatuta eta, RTVEren hitzetan, "lehen mailako talde artistiko eta teknikoarekin".

Seriea nazioarteko koprodukzioa izango dela azpimarratu dute, "anbizio eta aurrekontu" handikoa. Munduan "inoiz izan den balentriarik handienetako bat" kontatzea helburu izango du fikzioaren bitartez. Horretarako akziozko eta abenturen generoari dagozkion kodeak erabiliko dituzte, "mundu osoko ikusleentzat erakargarri" egiteko.