argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gotzainen Batzarraren aurka Donostian agertutako kartelak ikertzeko eskatu dute Abokatu Kristauek
  • Abokatu Kristauek "iraingarritzat" jo dituzte Donostian agertutako kartelak. Haien ustez, hiru delitu egin dituzte egileek: gorroto-delitua, erlijioen-sentimenduen aurkakoa eta egoera zibilaren usurpazioa. Ekintza anonimoa izan da, Askabide klinikaren ondoan jarritako kartelak ez baititu inork bere gain hartu, ez egiletza aldarrikatu. Sarean bi milioi ikustalditik gora izan ditu.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 08a

Abokatu Kristauek Donostiako Instrukzio Epaitegiari eskatu diote Donostiako autobus markesinetan agertutako kartelen egileak ikertzeko. Otsailaren 23an Espainiako Gotzainen Batzarrari kritika egin zioten kartelak agertu ziren; fetu baten irudia zuten eta honako testu hau irakurri zitekeen: "Orain abortatzen baduzu, zer joko dugu larrutan hemendik bost edo sei urtetara?".

Noticias de Gipuzkoak jakitera eman duenez, legelarien erakundeak "iraingarritzat" jo ditu kartelak, eta uste du egilea gorroto-delitu baten, sentimendu erlijiosoen aurkako delitu baten eta egoera zibila usurpatzeko hirugarren baten erantzulea dela. Gainera, Istrukzio Epaitegiari eskatu dio "markesinen enpresak kartelaren eta haren edukiaren berri bazuen" iker dezan.

Polonia Castellanos Abokatu Kristauen presidenteak adierazi duenez, "beste erlijio bateko praktikanteei pederastak deitzeagatik zigortu izan dira". "Badirudi katolikoen kontra dena dagoela baimenduta. Justiziak ezin du horrelako astakeria bat zigorrik gabe utzi", salatu du Castellanosek Noticias de Gipuzkoaren arabera.

"Kristauak aspertuta gaude betiko taldeen erasoekin. Guk gainerako herritarrekiko errespetua besterik ez dugu eskatzen. Onartezina da adierazpen-askatasuna eskatzea kristauak eta gure sinesmenak iraintzeko", azpimarratu du Abokatu Kristauen presidenteak.

Hiri gerrilako ekintza anonimoa

Kartelak Askabide klinikaren ondoan agertu ziren, talde ultra katoliko batek abortatzeko eskubidearen aurkako kanpaina martxan jarri zuenean. Berrogei egun bizitzaren alde lelopean haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan egin zuten kanpaina. Aurretik ere tentsioa izan da askotan Donostiako Amaran, abortuaren aurkako taldeak sistematikoki joan izan direnean Askabide klinikako langile eta bezeroei presioa egitera, beren kartel eta gainerako materialekin. Prozesioak ere deitu izan dituzte bertara.

Kartelak ez ditu inork bere gain hartu, eta agerikoa da ez direla Espainiako Gotzainen Batzarrak egina. Dena den, kartelak hainbat milioi ikustaldi izan ditu sarean, argazkia zabaldu zuten ondorengo kontuari bakarrik erreparatuta. Javier Duran fotokazetariaren txioa bakarrik, 2'6 milioi aldiz ikusi da. Argazkia askoz jende gehiagok ere zabaldu zuen sareetan eta Euskal Herriko hedabide nagusi ugarik jaso zuten. Mongolia aldizkari espainiarraren txioak, beste adibide bat jartzearren, milaka bertxio eta atsegite ditu.