argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gorenak Franco hobitik berehala ateratzeko baimena eman dio Sanchezen gobernuari
  • Auzitegi Gorenak joan den irailaren 24an eman zuen Francisco Franco diktadorea Herorien Haranetik ateratzeko baimena, epai horrekin Pedro Sanchezen gobernuak hartutako dekretuari arrazoi emanez.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 30
Herorien Haraneko Santra Cruz basilika, Franko diktadorea lurperatuta dagoen lekua.

Baina auziak beste itzuli bat izan zuen diktadorearen familiak Madrilgo auzi-administrazioko hirugarren epaitegian jarritako helegitearekin. Familiak argudiatu zuen hobitik ateratzeko lanak kontu handiz egin behar zirela, eta gobernuak ez zuela San Lorenzo de El Escorial udalaren obra baimenik eta, beraz, arrisku handiak zirela arte lanak hondatzeko.

Udalak baimena eman arren, José Yusty Bastarrechea epaileak ez du obrak hasteko baimenik eman, Francisco Franco fundazioaren ingurumariak aurkeztutako txostena oinarri hartuta. Orain, Auzitegi Gorenak esan dio altxa ditzala jarritako trabak, lan hori “ez delako konplexua” eta gainera, Espainiako Gobernuak ez duelako udal baimenik behar obra bat bideratzeko. “Harlauza bat altxatu behar da, gorpuzkinak atera eta zolaketa originala berrezari, horrela basilikako lurra 1975aren aurreko egoerara eramanez”, esan dute goreneko magistratuek.

Franko familiak eta haren inguruneak azken egunetako jarritako era guztietako traba judizialetako bat zen hau, baina Gorenak atzera bota ondoren, pentsatzeko da Espainiako Gobernuak batetik bestera ekingo diola Francoren gorpuzkinak ateratzeko obrari.