argia.eus
INPRIMATU
De Miguelen 12 urteko espetxe-zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Arabako Probintzia Auzitegiak 2019ko abenduan emandako ebazpenaren zigor nagusiak berretsi ditu De Miguel auzian: prebarikazioa eta eroskeria egitea, influentzia-trafikoa, ondasun publikoak bidegabe eta neurrigabe erabiltzea, agiriak faltsutzea eta kapitalak zuritzeagatik zigortu dituzte EAJren Arabako buruzagi ohiak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 10
Ezkerretik eskuinera, Koldo Otxandiano, Aitor Telleria eta Alfredo De Miguel, EAJko ABBren hiru kideak, akusatuen aulkian eserita.

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Arabako Probintzia Auzitegiak 2019ko abenduaren 17an De Miguel auzian emandako epaia; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako inoizko ustelkeria kasurik larriena da, EAJren barnean gertaturikoa. Alfredo De Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio, Koldo Otxandianori zazpi urte eta sei hilabetekoa; eta Aitor Telleriari bost urteko espetxe-zigorra.

Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako diputatua izan zen 2007tik 2010era; Koldo Otxandiano, berriz, ABBko kide ohia da; eta Aitor Telleria berriz, ABBko kide eta auzi guzti honetan mugimenduen zenbatzaile eta behatzailea.

Epaiketaren nondik norakoak

Saioetan arreta gehien deitu zuena lekuko nagusiaren deklarazioa izan zen: Ainhoa Alberdi enpresariarena. Berak azaleratu zuen 2009an kasua. Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela salatu zuen, Miñanoko teknologia parkeko hedakuntza obrak Urbanorma Consulting bere enpresari esleitzeagatik, eta hori frogatzeko elkarrizketen grabazio batzuk eman zizkion Arabako fiskalari. Haietan entzun daiteke Alberdiren bazkide ohi eta Arabako obra publiko ugari egindako Jon Iñaki Etxaburu enpresaria esanez komisioa “normala denaren barruan” zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta dauden antzemateko balio duen esaldia. Hari horretatik tiraka, beste 700.000 euro komisiotan, 16 milioi euroko eragiketa irregularrak eta 65 milioi euroko hirigintza operazio antzu bat atzitu dute.

“Zer egingo dugu inozo honekin?”, galdegin zuen e-posta bidez Alfonso Arriola Miñanoko kudeatzaileak, Alberdik egindako obren faktura pasa zionean. Enpresariak estortsio saiakera ere salatu zuen, komisioa ordaintzeari uko egin zionean haren aita Juan Antonio Alberdirengana jo baitzuten –EAJko militantea– dirua eskatzera. Hortik aurrera, gainera, beste obretan “betoa” izan zuela dio lekukoak.

Bestalde, Ertzainek Koldo Otxandianoren etxeko gelaxka batean aurkitutako granate kolorezko koaderno bat funtsezko izan zen, sareak ustezko komisioak nola kobratzen zituen jakiteko. Arabako Batzar Nagusien armarria daramaten paper koadrikulatuetan enpresei ordaintzea zegokiena apuntatzen zuen eskuz ABBko kide ohiak: “Obra %4 Kataia” irakur daiteke esaterako, Kataia Consulting De Miguelen sasi-enpresetako batek esleipenaren ehuneko hori beltzean jaso behar zuela aditzera emanez.

Iruzurrerako beste mekanismo bat Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailetik egin gabeko lanak kobratzea izan zen –denera 210.000 euro–. Dirudienez Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei esleipenak “nahieran” egiten zizkien Xabier Sánchez Robles Gazteriako zuzendariak (EAJ).

Informazio gehiago nahi izanez gero, hona hemen Urko Apaolaza Ávila ARGIAko kazetariak egindako erreportajea 2018ko ekainaren 17an, Arabako Probintzia Auzitegiko auzia puri-purian zela.