argia.eus
INPRIMATU
Espainiako gobernuko zortzi ministeriok ez dute publizitatean gastatutakoaren daturik eman nahi
  • Espainiako Gardentasun Kontseiluak zortzi ministeriori iragarkien datuak publiko egin behar dituztela exijitu ostean, salaketa jarri dute Auzitegi Nazionalean erabakia ez betetzeko.

     

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 05a

 

Iragarki instituzionaletan zein irizpide jarraitzen diren eta ea komunikabide batzuk modu berezian laguntzen dituzten jakiteko informazio hau eskatu zien ministerio guztiei Eldiario-k pasa den urrian. Zortzi ministerioek entzungor egin ostean Gardentasun Kontseilura jo zuen egunkariak.

Eldiario-k kontatzen duenez, zenbateko zehatzak publiko egitera derrigortu zituen Gardentasun Kontseiluak, eta orain Auzitegi Nazionalera jo dute zortzi ministerioek, informazioa ezkutatzen jarraitzeko.

2015ean 37,7 milioi euro gastatu zituen espainiar gobernuak komunikabideetan jarritako iragarkietan. Ordea, ezin da jakin zeintzuk diren komunikabide bakoitzari emandako zenbatekoak eta zein irizpiderekin egiten diren banaketak.

Iragarki Instituzionalen legeak irizpide objektibo eta ez partidistekin banatu behar direla esaten duen arren, Eldiario-k  salatzen duenez, ez dago horrela egiten den edo ez jakiterik.