Espainiako Gobernuko aurrekontuak bozkatuko dituzte gaur Madrilen, eta horiek onartzeko ezinbestekoa dute EAJren babesa. Jeltzaleek ez dute bozkatuko dutenaren berri emanen azken momentura arte.
PSOE eta Ciudadanosen babesarekin, Espainiako Gobernuak erabaki du Katalunian 155. artikulua mantentzea, argudiatuz Quim Torra Kataluniako presidenteak kartzelan zein erbestean dauden kideak hautatu dituela kontseilari karguetarako. EAJk hilabeteak daramatza errepikatzen 155. artikulua indarrean den bitartean ez dituela Espainiako aurrekontuak onartuko, baina zalantzak hortxe dirau.
Izan ere, astelehenean Euzkadi Buru Batzarrak kaleratutako oharrean 155. artikulua desaktibatzeko denbora egon daitekeela adierazi eta PPren aurrekontuak onartzearen garrantzia azpimarratu ostean, zalantzak areagotu egin dira.
Aurrekontuak onartzearen garrantzia aipatzerakoan, jeltzaleek pentsioetan eta “euskal agendan” jarri dute arreta. Euskal agenda horretan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako azpiegituretan inbertituko den diru-partida dago.