argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuari GAL ikertzeko eskatu diote Madrilen
  • GALek hildako Joxi Zabalaren arreba Pili Zabalak eta ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba Maria Jauregik manifestua aurkeztu dute ostiral honetan Madrilen, Espainiako Gobernuari eskatuz, GALen jarduera dela eta, “bere erantzukizuna eta eragindako mina onar dezala”, haren biktimei eman beharreko aitortza emanez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko ekainaren 04a
Pili Zabala eta MarĂ­a Jauregi. (Arg.: Olga Rodrgiguez / El Diario)

Iazko ekainean ezagutu zen CIAren dokumentu bat, non Espainiako Gobernuko lehendakari ohi Felipe Gonzalez GALekin lotzen zen. Haren harira, Pili Zabalak ikerketa eskaera bat egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, dokumentu haiek garrantzitsutzat joz GALen ikerketan urrats berriak emateko. Auzitegiko Fiskaltzak eskaera artxibatu du eta, neurriarekin desadostasuna agertuz, gaurko manifestua aurkeztu dute. Zabalaren ustez, egiak ez du inoiz preskribatzen eta, inpunitatea saihesteko, NBEk behartzen ditu estatuak egia bilatzera.

Orain arte bederen, Espainiako Gobernuak gaia itxitzat jo du eta hainbat modutan adierazi izan du ez duela horretan sakonduko. Iazko abuztuan, esate batera, HB Bilduko diputatu Jon Iñarrituk galdetu zion gobernuari ea "estatuaren terrorismoak egindako atentatu guztiak argitzeko" neurri egokiak hartuko zituen. Gobernuak erantzun zion esanez ez dela estatu terrorismorik egon; beraz, egon ez bada, ikertu beharrik ere ez.

El Diario.eus-en irakurri dugunez, ehundik gora pertsona ezagunen sostengua du manifestuak, besteak beste Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakariena. Sinatzaileen artean dira, halaber, Gorka Landaburu, Daniel Innerarity, Noam Chomsky edota Aitor Gabilondo Patria filmeko zuzendaria.