Asteartean neurri sozial sorta bat onartu du Espainiako Gobernuak, tartean etxebizitzari lotutakoak. Neurriok alokairuak bere horretan mantentzearen alde egin dute, maizterrek alokairua ordaintzeko geroz eta zailtasun gehiago dituzten honetan. Hori horrela, alokairuen grebarekin aurrera egin dute milaka maizterrek.
Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, neurri sozial sorta onartu du asteartean Espainiako Gobernuak. Horien artean daude etxebizitza esparruari dagozkionak. Alabaina, greba egiteko aukera mahai gaineratu duten 200dik gora kolektiboen eta milaka maizterren hobespenik ez dute izan neurriek, eta apirilaren lehenarekin batera abiatzekoa zen alokairu grebari eutsi diote. suspensioalquileres.org webgunean egin dute publiko neurrien balorazioa; “beharrezkoa da oso argi uztea neurriok guztiz eskasak direla”, irakur daiteke.
Sei hilabetez etxe-kaleratzeak etetea; egungo alokairu baldintza berberetan kontratua beste sei hilabetez luzatzea –alokairuen prezioak izoztea eraginez–; maizterrentzako %0 euroko interesa edukiko duten mikrokredituak, sei edo hamar urtera itzuli ahal izango direnak; mikrokredituak jasotzeko baldintzen laxatzea; etxe jabe handiek eta inbertsio fondoek maizterrei lau hilabeteko moratoria eman beharra alokairuan; eta mikrokrediturik ordaindu ezin duenarentzat 900 euro arteko estatuaren diru-laguntza. Horiek dira martxoaren 31n Espainiako Gobernuak etxebizitzari dagokionez onartutako neurriak, denak ere alokairuak bere horretan mantentzera bideratuak.
“Guztiz onartezina da krisiak gehien kaltetu duen jendeak jarraitu behar izatea espekulazioak puztutako alokairuak ordaintzen, beren buruak zorpetuz”, egin dute irakurketa alokairu grebaren deitzaileek. Espainiako Gobernuak, hartutako neurriak medio, mezu argia helarazi duela adierazi dute: ekonomiak behea jo eta jendearen diru-sarrerak amildu arren, alokairuen prezioak eustearen alde egiten duela. Eta gehitu dute horrek ondokoa esan nahi duela: ez direla kontuan hartzen ari geroz eta sakonagoa den diru-sarreren eta gastuen arteko arrakala.
Neurrietan mikrokredituak txertatu izanak krisialdiaren aurrean alokairuen etetea kosta ala kosta eteteko nahiari erantzuten diola ondorioztatu daiteke. Kritika zorrotza egin diete neurrioi: “Mikrokredituen neurriek ekarriko duena da milaka familia zorpetu bitartean, alokatzaileek beren likidezia eta erosteko ahalmena ukigabe mantentzea”. Beren arabera, gobernuak zor publikoa handitzearen aldeko hautua egin du higiezinen merkatuaren mesedetan, azken hau krisialditik kaltetu gabe atera dadin. Xede horrekin egiten ari direna justifikatzeko argudio zalantzagarri bat darabiltela salatu dute: etxejabeen gehiengoak alokairuaren diru-sarrera bizirauteko ezinbesteko duela. “Ez dago hori hala dela erakusten duen frogarik, are gehiago, merkatu horren gardentasun falta tarteko dauden zifra apurrek kontrakoa adierazten dute: alokatzaileek, alokairuaren diru-sarrerak kontuan hartu gabe, 38.000€ irabazten dute batezbesteko, maizterren etxebizitzetan batezbesteko 23.000€ko diru-sarrerak dituzten bitartean”.
Funts putreen eta higiezinen agentzien lobby gisa funtzionatzeko aurki sortutako Asval elkarteak ere diskurtso bera darabil, Kataluniako Sindicat de Llogateres-ek salatu duenez. Nahiz eta espekulatzaile handiak izan elkartearen atzean daudenak, etxejabe txiki eta handien ordezkari gisa aurkeztu da elkartea, beren interesak lortzera bidean etxejabe txikien babesa lortu nahi baitute.
Egoera horrela, alokairu grebaren deitzaileek gogorarazi dute etxebizitza bakarraren jabe diren eta alokairuaren diru-sarrerak behar dituzten etxejabeei dagokienez, beti aldarrikatu izan dutela berdina: gobernuak babestu ditzala, alegia.
Koronabirusak eragindako testuinguru honetan hainbat dira diru-sarrera gabe geratu diren eta geratzen ari diren pertsonak, baina hala ere, Espainiako Gobernua tematu da azken zazpi urteetan batezbesteko %40 igo diren alokairu prezioei eusten. Horren aurrean, onartutako neurriek hainbat etxetan bizi den egoera jasangaitzari aterabiderik ez diotela eman ondorioztatuta, alokairuen grebari eustea erabaki dute honen deitzaileek.
“Jatearen eta zorpetzearen artean aukeratzera derrigortzen ari zaigu gobernua indarrez. Baina bada konfinamendua aurretik aldarrikatzen ari garen alternatibarik: ordainketen etetea”, ondorioztatu dute. Defendatu dute hori dela momentu hauetan maizterrak itotzea ekidin dezakeen neurria, eta lagunduko duela, baita, krisia zor eta errekurtso publiko bidez kitatzeko logikarekin apurtzen ere.
“Ez ditzagun 2008ko krisiko hutsegite berak errepikatu, oraindik horiek ordaintzen ari baikara”, azpimarratu dute.