argia.eus
INPRIMATU
Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza eskubideak kontuan hartzea eskatu du Kontseiluak
  • Kontseiluak salatu du Eskubide Digitalen Gutuna egiteko prozesuan hizkuntzen auzia eta hizkuntza eskubideak alboratu dituela Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketarako Digitalerako Ministerioak. Kontseiluak gutunari ekarpenak egin dizkio.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 07a

Udazkenean Eskubide Digitalen Gutunari herritarrek eta erakundeek oharrak egiteko aukera zabaldu dute eta Kontseiluak, Elhuyar taldearekin eta PuntuEUS fundazioarekin batera, hainbat ekarpen egin dizkio.

Ekarpenak ondoko bederatzi esparruetan egin ditu: berdintasunerako eta diskriminazio-ezarako eskubidea ingurune digitalean, herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; hezkuntza digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazio publikoekiko harremanetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta adimen artifizialean.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuak hizkuntza eskubideak bazterrean utzi izana gaitzetsi du: “Ingurune digitala gure eguneroko bizitzan hartzen ari den garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da eremu horietan herritarroi dagozkigun eskubideak zerrendatzea; halere, tamalez, eta beste behin, estatuak ez dio erreparatu hizkuntza-errealitateari”.

Bestalde, Bilbaok salatu du hizkuntza eskubideez ari den prozesu batek dokumentazio guztia gaztelania hutsean argitaratu duela eta berezko hizkuntza ofizialetan ekarpenak egiteko aukerarik ez dutela eman.

Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdiei ekarpenak helaraziko dizkiete, “eskaerekin bat egin dezaten”.