argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuaren datuen arabera EAEn 396 Pfizer txerto ezarri dira eta Nafarroan 1.583
  • Urtarrilaren 4ko arratsaldeko 17:00etarako autonomia erkidego bakoitzak Espainiako Gobernuari emandako datuak dira. EAEren kasuan, dokumentuak dio urtarrilaren 2an eguneratua dagoela azkenekoz datu hori. EITBk aldiz, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 4an egindako Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren bilerako informazioak aipatuz, urtarrilaren 4an dio: "Osakidetzak 6.000 jarri ditu". Eusko Jaurlaritzaren webgunean ez dago oraingoz txertaketa kanpainaren daturik.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 05

Espainiako Osasun sailak txertaketa kanpainari buruzko txostena argitaratu du, urtarrilaren 4ko datarekin. Bertan ikusten da autonomia erkidego bakoitzari zenbat dosi helarazi zaizkion, eta autonomia erkidegoek beraiek emandako datuen arabera, zenbat jarri dituzten. Taularen behealdean ikus daitekeenez, datu horiek Gobernuak urtarrilaren 4an arratsaldeko 17:00etan zituenak dira, eta taularen eskuineko zutabean irakur daiteke noiz berritu duen azkenengoz erkidego bakoitzak datu hori: EAEkoa urtarrilaren 2koa da. Datu honen arabera, EAEk jasotako 31.605 dosietatik %1,3 lirateke jarritakoak.

Eusko Jaurlaritzaren webguneak oraingoz ez du aste honetako txertaketa kanpainaren daturik eman. EITBk albiste honetan dio Osakidetzak dagoeneko 6.000 dosi jarri dituela. Abenduaren 27an hasi zen sinbolikoki txertaketa kanpaina EAEn, baina abenduaren 30ean ekin zitzaion sendo txertoak jartzeari, EITBren albiste honetan irakur daitekeenez. Albiste horrek dio abenduaren 27ko ekitaldi sinboliko horretan 450 txerto jarri zirela, Espainiako Gobernuak urtarrilaren 2ko datarekin jasotako datua baino handiagoa dagoeneko.

Nafarroako Gobernuak 1.583 dosi jarri dituela agertzen da Espainiako Gobernuaren datuetan, jaso dituen 6.975 dosietatik %22,7. Urtarrilaren 4an eguneratutako datua da Nafarroakoa, taulan agertzen denez. Nafarroako Gobernuaren webguneak urtarrilaren 4an argitaratutako albisteak dio lehen aste honetan 1.835 dosi banatu dituztela osasun etxeetan, langile eta gaixoei jartzeko.