argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak ustelkeria kasuen ondorioz desegitea erabaki duen Defex enpresaren zati dira Sapa eta Alfa Lan
  • Irailaren 22an onartu du Gobernuak Defex enpresa publiko-pribatua desegitea eta likidatzea. 45 urtean armamentuak esportatzen aritu da eta arma enpresei atzerriko gobernuekin negoziaketetan laguntzen. Ustelkeria kasuek ekarri dute Gobernuak desegiteko erabakia hartzea. Ibon Aperribay da Sapa enpresatik Defexeko kontseilaria.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko irailaren 25
IƱigo Mendez Vigo Gobernuko bozeramailea berri ematen.

2014an Audientzia Nazionalak zabaldutako ikerketan inplikatua dago Defex. Bi prozedura judizial daude irekita, nazioarteko trantsakzioetan ustelkeria delitua ikertzeko, Ogasunaren aurkako delituak eta diru zuriketak aztertzeko. El Mundo-ko albiste honetan irakur dezakegunez, Angola, Kamerun, Egipto eta Saudi Arabian egin dituen kontratuak ikertzen ari dira, paradisu fiskaletara egindako diru desbideraketak, gehiegizko komisioak eta gainerako irregulartasunak argitzeko. 

Jabego publiko-pribatua

Defex enpresaren %51 jabetzaz publikoa da, Ogasun eta Administrazio Publikoen menpe dagoen SEPI-k (Sociedad Española de Participaciones Industriales) parte hartzen du.

Gainerako %49 enpresa pribatu hauen esku dago: Explosivos Alaveses SA (%10,888), Maxam Corp Holding Asset & Services SL (%10,888), Instalaza SA (%10,888), eta Euskal Herriko Sapa (%8,167) eta Alfa Lan (%8,167).

Zuzendaritza karguak

Ustelkeria kasuetan inplikatutako pertsonak kaleratu izan ditu aginte organuetatik Defexek eta beste batzuez ordezkatu.

Sapa enpresatik Ibon Aperribay Bedialauneta da Defexeko kontseilaria.

LibreBORME-ren arabera, hauek dira Defex enpresako gainerako karguak:

Lehendakaria: Juan Carlos Villamia Ugarte.

Auditorea: Pricewaterhousecoopers Auditores SL.

Kontseilariak: Muñoz Bueno Leoncio, Garcia Garcia Ines, Ramos Toribio Isabel, Torrente Sanchez Francisco, Fernandez-Arias Minuesa Carlos, Maxamcorp Holding Assets & Services SL, Bosch Jimenez Angeles, Enriquez Gonzalez Nicolas.

Ahaldunak: Moreno Vivas Jesus, Gomez Monge Jorge, Vazquez Alvarez Jose Emilio, Saez Marugan Maria Del Rosario, Llorens Alonso Fernando, Gonzalez Izquierdo Quinidio, Gomez Cuesta Enrique Francisco.

Ustelkeria kasuek eraman dute desegitera

Infodefensa-k biltzen du Espainiako Gobernuak Defex ixteko eman duen argudioa: "Prozedura penal hauek negatiboki eragiten ari dira enpresaren kudeaketan, ospean jasaten ari den kaltearen ondorioz, negozio aukera berriak lortzeko aukerak murriztu egiten zaizkio, eta honek dakar arriskuak eta ezinegonak sortzea eta bankuetara sarbidea zailtzea".

Ministroen kontseiluak bide eman ostean, desegiteko hurrengo urratsa Defexen batzar orokor berezia deitzea da, gai ordenean puntu bakarra izango duena: enpresa desegitea eta likidatzea adostea.

Aurrerantzean Oficaex-ek egin lezake funtzio bera

Espainiako Defentsa Ministerioak proposatuta, Defexen jabe nagusi den SEPI elkarte publikoak apirilean eskatu zuen enpresa desegitea. El Mundo-ren arabera, orain arte Defexek esportatzen egin duen lana aurrerantzean Armamentu eta Materialerako Zuzendaritza Orokorraren menpe dagoen Kanpo Laguntzarako Bulegoak (Oficaex) egingo luke.