argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak Usansolo Galdakaotik bereiztea errefusatu du
  • Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin du eskaera, ez duela gutxieneko biztanle kopurua (5.000) argudiatuta. Kudeaketa batzordeak, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak erabakiaren kontrako errekurtsoa jarriko dute.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 30a
Usansoloko artxibo irudia. Argazkia: Javierme.

Espainiako Gobernuak Usansolo Galdakaotik (Bizkaia) bereizteko eskaera ukatu du, herria ez duelako 5.000 biztanleko muga gainditzen. Kudeaketa batzordeko presidente Agustin Aizpuruk “txarto” jaso du albistea, baina aukera “ez dela sorpresa” adierazi du. Banatzeko prozesua Lurralde Politikako Ministerioaren ebazpenak “linboan” utzi duela prozesua dio kudeaketa batzordeak, eta erantzuteko modua aztertzen hasiko direla esan dute.

Madrilen ebazpena ez da behin betikoa. Kudeaketa batzordeak, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak errekurtsoak aurkeztu ditzakete, eta Aizpuruk bi aukera dituztela adierazi du: Lehenengoa, bide administratiboa, berriz eskatu Usansolo udalerrien erregistroan txertatzea; eta bigarrena, prozesu juridikoa hastea. Hurrengo egunetan hartuko du erabakia kudeaketa batzordeak. Bi hilabeteko epea dute errekurtsoa aurkezteko. Aizpuruk esan duenaren arabera, Espainiako Gobernuaren erabakiak ekimena oztopatzea bilatzen du, baina ez dute amorerik emango.

Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek beste interpretazioa egin dute, Bizkaiko Foru arauak oinarri gisa hartuta: 2.500 herritar izatea eta zerbitzuen zein ekonomiaren aldetik bideragarria izatea nahikoa da udalerri bilakatzeko. EAJk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek "oztopoak gainditzeko" lege aldaketa proposatu zuten Espainiako Kongresuan, foru arauaren alde.