Adierazi du eragiketa hori baimentzeak “arrisku gaindiezinak” ekarriko lituzkeela. Espainiako Gobernuak eskaintza jakinarazi zenetik kezka zuen enpresak Hungariako lehen ministro Viktor Orbán-ekin eta Errusiarekin izan zitzakeen loturengatik. Espainiako Inteligentzia Zentroak loturak aurkitu ditu Errusiarekin, El País egunkariaren arabera. Talgoren Ribabellosako enpresan 700 pertsonak egiten dute lan eta langileen ordezkariak adierazi du urduri daudela, enpresa hungariarraren eskaintza baztertu ondoren.
Espainiako Estatuko Ministroen Kontseiluak abuztuaren 27an erabaki du ez baimentzea Ganz MaVag Europe Private Limited enpresa hungariarrak Talgo tren-enpresaren %100 eskuratzeko egindako Erosteko Eskaintza Publikoa (EEP). Erosketa eskaintzaren azterketa Espainiako Estatuko Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioko Kanpo Inbertsioen Batzordeak egin du, eta aipaturiko ministerioak prentsa-ohar baten bitartez adierazi du erabakia “Espainiaren interes estrategikoak eta segurtasun nazionala babesteko” hartu dela. “Egindako azterketa xehatuaren arabera, eragiketa hori baimentzeak arrisku gaindiezinak ekarriko lituzke segurtasun nazionalerako eta ordena publikorako”, adierazi du ministerioak prentsa-oharrean. Esan du gobernuarentzat Talgo “enpresa estrategikoa” dela, “Espainiako segurtasun ekonomikorako, lurralde-kohesiorako eta industria-garapenerako funtsezko sektore baten barruan”. Espainiako Gobernuak erabaki hau har dezake, atzerriko inbertsioei buruzko legediaren arabera, 500 milioi eurotik gorako eragiketek baimena jaso behar dutelako, RTVEk informatu duenez.
Enpresa hungariarrak apirilean 620 milioi euro inguruko EEP bat egin zuen –akzioko bost euro–, tren-enpresaren %100 bereganatzeko. Momentu hartan, Espainiako presidente Pedro Sánchezek adierazi zuen lanean ari zirela “eragiketaren xehetasunak zehatz-mehatz ikusteko”, baina Espainiako Gobernuak kezka zuen enpresa hungariarrak Hungariako lehen ministro Viktor Orbán-ekin eta Errusiarekin izan zitzakeen loturengatik. XTB inbertsio plataformaren analista Joaquín Roblesek TVEri esan dio erabakia “ulergarria” dela, %100 salduz gero Espainiako Gobernuak “ezagutarazi nahi ez duen” informazioa eskura dezakeelako Hungariako enpresak. Valentziako Unibertsitateko Ekonomia katedradun Santiago Carbók espainiar telebistari adierazi dio eragiketa ez baimentzeko arrazoi “garrantzitsuena inbertitzailea hungariarra” izatea dela, eta “horrek zulo bat” irekiko lukeela, “ezin izango zena kontrolatu”. Carbók azpimarratzen du Espainiaz gain Europar Batasunarengandik ere “mesfidantza” izan dela eragiketa horretan.
Enpresa hungariarrari egindako betoak eragina izan zuen burtsan. Talgoren akzioak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak kautelaz eten zituen, eta kotizaziora itzuli zirenean % 9rainoko beherakadak izan ziren, gero % 8,7raino moderatu zirenak. Horrek enpresak 485 milioi euroko balioa izatea eragin zuen, eta enpresa hungariarraren EEP eskaintzarekin 620 milioiko balioa lortu zuen, La Vanguardiak informatu duenez. Akzioak bost eurokoak izatetik lau euro baino gutxiago izatera pasa ziren.
Hungariako lehen ministro Viktor Orbán eta Errusiarekin loturak
Hainbat komunikabidek informatu dute Ganz MaVag bi konpainietan banatuta dagoela: batetik, %55 Magyar Vagon hungariar tren-enpresarena da; eta bestetik, %45 Corvinus International Investment enpresarena da, Hungariako Ekonomia Ministerioaren jabetzakoa. Ganz MaVag-en buruak György Bacsa y András Tombor dira, eta azken hori Hungariako Gobernuaren aholkulari izan zen 1998 eta 2002 urteen artean, Viktor Orbán buru zela. Horrez gain, espainiar komunikabideek informatu dute Transmashholding tren-konpainia errusiarrak Ganz MaVag enpresaren zatiak zituela 2022ra arte, baina Errusia eta Ukrainaren arteko gerra dela eta, Errusiaren aurkako zigorrek kapitaletik irtetera behartu zutela. Hala ere, Ganz MaVag enpresaren azterketan Espainiako Inteligentzia Zentroak (gazteleraz CNI) ohartarazi zuen enpresa hungariarrak Errusiarekiko konexioak dituela oraindik, El País egunkariak informatu duenez. Aztertutako txostenetan, talde errusiarrak eta hungariarrak konexio informalak dituztela esan du egunkariak.
Gobernuak EEPa errefusatu duela jakin ondoren, hungariar enpresak eta Talgoren akziodun txikiek –8.000 inguruk– iragarri dute Espainian eta Europan legezko akzioak hasiko dituztela eskaintzaren legitimitatea defendatzeko, RTVEren arabera. Akziodun batzuek eskaintzaren baztertzearen ondoren akzioak jaitsi dituzte, hala nola Blackrock inbertsioak kudeatzen dituen enpresak. Blackrock-ek ekainaren 3an, Ganz MaVag-en eskaintza iragarri eta lau hilabetera, enpresaren %1,017 hartu zuen, % 0,968 zuzeneko akzioen bitartez, eta % 0,049 finantza-tresnen bitartez. Abuztuaren 28an, % 0,968tik % 0,966ra eta % 0,049tik % 0,027ra murriztu du partaidetza AEBetako enpresak, Vozpópuli komunikabideak informatu duenez.
“Urduritasuna” Arabako Talgon, egoera dela eta
2020. urtean Espainiako Estatuak pandemiaren ondorioz “EEPen aurkako ezkutua” indarrean jarri zuen. Ezkutu horrek “COVID-19aren eragin ekonomikoagatik Espainiako Estatuan debaluatu ziren enpresak atzerriko inbertitzaile potentzialengandik babestea du helburu”, RTVEren arabera.
Talgo tren-enpresak gaur egun Renfek ezarritako 166 milioi euroko zigor bat du –egunero 80.000 euro–, trenen entregan izandako atzerapenengatik, La Vanguardiak jaso duenez. Talgoko Langile Komisioen ordezkari den Kepa Alcainek Efe agentziarekin hitz egin du, eta adierazi du Ribabellosako (Araba) Talgo enpresako langileek –700 pertsonak lan egiten dute bertan– “urduritasuna” dutela enpresa hungariarraren eskaintza baztertu ondoren. ”Prozesuak zenbat eta gehiago iraun, orduan eta urduritasun handiagoa, eta ez da ona izango langileentzat, enpresarentzat eta akziodunentzat, adierazi du Alcainek. Langile Komisioen ordezkariak nabarmendu du gaur egun “lan-karga handia” dagoela, eta lantegiak ezin duela “gehiago fabrikatu”. Talgo Espainiako Estatuan geratzeko interesa erakutsi du Alcainek, “lantegiak eta lanpostuak mantentzeko”, eta zuzendaritzak erabaki beharko duela “egungo instalazioak handitzeko eta beste leku batzuetan fabrikatzeko bazkide industrial bat edo gehiago ekoitzi ahal izateko dirua jarriko duen bazkide inbertitzaile bat" nahi duen.
Talgoren gertuko iturriek azaldu dutenez, Talgok, edozein urrats eman aurretik, Ganz MaVag-ek bere EEP kentzea edo baldintzetan aldaketaren bat izan duela jakinaraztea behar du, La Vanguardiak informatu duenez.