argia.eus
INPRIMATU
Sexu eraso bat barrez grabatu zuen Guardia Zibila indultatu du Espainiako Gobernuak
  • Manuel Arbesu Guardia Zibilari sei hilabeteko inhabilitazioa ezarri zioten eraso sexual bat telefono mugikorrarekin grabatzeagatik. Indultua eman dio orain Espainiako Gobernuak: zigor horren ordez 500 euroko isuna ordaindu beharko du eta enpleguari eutsiko dio.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 16a
Maiatzaren 30ean 8 indultu eman ziren, horien artean guardia zibilarena

Sei hilabeteko zigorra ezarri zion epaiak jasotzen duenez, Guardia Zibila lagun batekin trenera igo zen. Azken hori ondoan zegoen emakume bat sexualki eraso egin zion eta hori eragozten saiatu zen beste bidaiari bat ere zauritu zuen.

Arbesuk ez zuen ezer egin laguna gelditzeko. Horren ordez, barrezka, guztia telefono mugikorrarekin grabatu zuen.

PPko zinegotzi baten semea

Azken egunetan jakin denez, Guardia Zibileko agentea Lenako (Asturias) PPko zinegotzi baten semea da. Montserrat Álvarez, Lenako PSOEko idazkari nagusiak ElDiario.es-i azaldu dionez, aita sinadurak biltzen ibili da, semeak indultua lor zezan.

Espainiako Gobernuak dagoeneko 68 indultu eman ditu 2014an, eta 806 legealdi osoan.