Apirilaren 5 arratsaldean EH Bildu, ERC eta Unidas Podemos alderdiek aurkeztutako legez besteko proposamena debatituko da Espainiako Kongresuan. Mertxe Aizpuruak azaldu duenez, "bilatzen dena Espainiako Kongresua saharar herriaren ondoan posizionatzea da, eta Mendebaldeko Sahararen arazoa konpontzeko bide politikoa sustatzea, nazioarteko zuzenbidean oinarrituta".
EH Bilduko kide Mertxe Aizpuruak azaldu duenez, "Espero dugu Kongresuaren gehiengoaren babesa jasotzea, zeren proposamen honek egiten duen bakarra NATOk eta Nazio Batuen komisioak bere garaian hartutako erabakia berrestea da, Mendebaldeko Saharan erreferenduma egin dadin". Legez besteko proposamen horrekin Espainiako Estatuak historian izan duen jarrera berreskuratu nahi dela azaldu du Aizpuruak, "eta zuzendu nahi da Gobernu honek aldebakartasunez hartu duen erabakia".
Pedro Sanchez presidentearen ekintza "akatsa" izan zela baloratu du. "Uste dugu PSOEk gaur aukera duela akats hori zuzentzeko. Zein aldetan dagoen argitzeko, ea saharar herriaren eta zilegi diren bere aldarrien ondoan dagoen, edo Marokorekin eta bere etengabeko xantaiekin dagoen. Eta iritzi publikoari sinetsarazi nahi badio ez duela iritziz aldatu, hori baita azken asteetan errepikatu duena, ez luke inongo erreparorik izan behar ekimen hau onartzeko, zeren aurkeztu dugun proposamenak ez du ezertxo ere esaten, PSOEk lehenago defendatu ez duenik. Aldiz, ezetz bozkatzen badu edo abstenitu egiten bada, uste dugu bere buruaren isla erakutsiko duela. Zintzoki espero dugu ez horrela izatea, eta PSOE itzultzea inoiz mugitu behar ez zuen leku horretara".
Aizpuruak oroitarazi du Marokoko Gobernua izan zela publiko egin zuena Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa, eta hamar egun geroago, oraindik ez dela argitu zeren truke aldatu duen jarrera, gobernuko beste inongo alderdirekin komunikatu gabe. Ostegunean Sanchezek Maroko bisitatuko du eta gainerako alderdien babesik ez duela gehitu du Aizpuruak: "Erabaki horrek izango dituen ondorioak ezin dira aurreikusi. Dagoeneko sumatzen dira alor ekonomikoan, energetikoan eta diplomatikoan dituen eraginak. Aljeriak Espainiako estatuari igortzen dion gasaren prezioak igotzeko asmoa du, nahiz eta prezioa bere horretan mantenduko duen Europako gainerako herrialdeentzat".