argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak proposatutako gastu publikoaren muga onartu du Kongresuak; UPN eta EAJ, alde
  • Espainiako Gobernuak aurrera atera du Diputatuen Kongresuan aurrekontuen egonkortasunari buruzko proposamena. Hala, argi berdea eman zaio datorren urterako exekutiboak proposatutako Gastu Mugari. Ondorioz, ohiko gastuetarako "aurten baino 140 milioi euro gutxiago eduki ditzake 2018an Eusko Jaurlaritzak, eta 36 milioi gutxiago Nafarroako Gobernuak", EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiaren esanetan. EAJk eta UPNk Mugaren alde bozkatu dute.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko uztailaren 11

Espainiako Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak ezartzen duenez, 2018-2020 epealdirako defizit eta zor publiko helburuez bozkatu dute, hala nola datorren urterako gastu publiko ez finantzarioen mugaz (alegia, inbertsioetarako ez den gastuaz). Bozketa baino ordu gutxi lehenago EAJk alde bozkatuko duela iragarri eta gero, garbi geratu da Gobernuaren proposamena aurrera aterako zela, tarte estuarekin bada ere: 175 boto alde eta 173 aurka. Neurriok atzera botatzeko, ezezkoa gailendu beharko litzateke.

EAJk esan du “erantzukizunez jokatzeagatik” eta “Euskadirentzat onuragarria delako" bozkatu duela 2018rako Gastu Mugaren alde. Muga hori neurri teknikoa dela eta “balio politikorik ez duela” gaineratu du alderdi jeltzaleak. Maiatzean Kupoaren inguruan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erdietsitako akordioak aldebikotasuna indartu du haien ustez, eta horrek ere baiezkorantz egiten lagundu die, azaldu dutenez. Bestalde, ontzat jo dute Madrilek pixka bat igo izana autonomia erkidegoei baimenduko zaien defizit publikoa, iazkoarekin alderatuz. Udalei baimentzen zaien zorpetzea, berriz, %0koa.

EH Bilduko Marian Betialarrangoitiak kritikatu du Espainiako Gobernuak “beretzat gordetzen duela zorpetzeko gaitasunik handiena, gizartearen mesederako gastu publiko gutxien egiten duen erakundea izanda”. Udalek, aldiz, ezin dituzte beren aurrekontuak nahieran erabili, eta zorra kitatzeko baliatu behar dute superabita, “zor hori arazoa ez denean ere”. Politika sozialetarako aurrekontuak mugatzen ditu horrek, Beitialarrangoitiaren esanetan. Halaber, Hegoaldeko erkidegoetako gobernuek ere diru gutxiago izango dutela azpimarratu du, “herritarrak zahartzearen ondorioz zergen bidezko diru-bilketa beherantz doan bitartean”.