argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak presoak birgizarteratzeko programa abiarazi du
  • Terrorismo kasuengatik kartzelan dauden presoak birgizarteratzeko plana abiatu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, Efe informazio agentziak jakitera eman duenez. Programan nahi duenak parte hartuko du eta iraganaren inguruan hausnartzeko xedea du. Plan berria ETArekin, GRAPOrekin, talde jihadistekin edo antolatutako taldeekin harremana izan dutenentzat diseinatu dute.

2012ko apirilaren 26a
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa

Horrez gain, presoen gerturatzea ahalbidetuko du, baina aurretik ustez parte hartu duen taldearekin apurtu eta indarkeriari uko egin beharko diote. "Dispertsioa, beste gauza askoren artean, erakunde terroristek presoen gaineko kontrola eteteko jarri zuten martxan. Orain presoak erakunde horietatik aldentzen badira, beraien herrietatik gertu dauden kartzeletara mugitu al izango dira", azaldu dute espetxe instituzioek.

Planean parte hartuko duten presoek elkarbizitza oinarri duten ikasgelak izango dituzte eta bertan kalera irteten direnean lan munduan barneratzeko formazioa eskainiko zaie espetxeetako iturriek Eferi jakinarazi diotenez.