argia.eus
INPRIMATU
CDR-ek irekitako ordainsarietatik pasatzea ez da “terrorismoaren biktima” izateko nahiko argudio
  • Terrorismoaren Biktimen Babeserako Zuzendaritza Orokorrak idatziz kontsultatu zion Estatu Segurtasunerako Idazkaritzari, ea 2018ko Aste Santuko itzulera operazioan ordainsariak altxatzeak eragin zien pertsonak erakunde terroristaren biktima gisa har zitezkeen ala ez. La Directako Jesús Rodriguezek sinatutako artikuluan irakur daiteke ezetz erabaki dutela.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 31
CDRen ekintza zuzena: Ordainsariak ireki izan dituzte eta bidaiariak doan pasa. (Argazkia: La Directa)

Joan den apirilaren 10ean, Guardia Zibilak makro-operazio "antiterrorista" egin zuten Kataluniako hainbat herritan. Aurpegia estalita zeramaten dozenaka agente Tamara Carrasco eta Adrià Carrascoren etxebizitzetan sartu ziren terrorismoa, matxinada eta sedizioa egotzita. Aste Santuan Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) modu koordinatuan Kataluniako ordainsariak altxa izana zen operazioaren arrazoia. Espainiako Gobernuak eta hainbat hedabidek desobedientzia zibileko ekintza hori behin eta berriro "terrorismo" gisa definitzeak eragin zuen, gutxienez, herritar bat Terrorismoaren Biktimen Babeserako Idazkaritza Orokorrarekin harremanetan jartzea –Espainiako Barne Ministerioaren egituran dagoen atala da– eta eskatzea "biktima gisa onuraduna izateko baliabideak". Erakunde horrek eskaera tramitatu zuen apirilaren 11n eta Estatu Segurtasuneko Idazkaritzari eskatu zion argitzeko "ikertutako gertaeren balizko izaera terrorista".

Bederatzi hilabete beranduago, 2019ko urtarrilaren 9an, erantzuna etorri da. "Joan den Aste Santuan CDRek egindako errepide mozketa basatiak (brutal)" gisa definitzen ditu gertaerak, nahiz eta ekintza hauetan ez zen errepiderik moztu eta autorik blokeatu. Helburua kontrakoa izan zen, ahalik eta jende gehiena ordaindu gabe pasa ahal izatea autopista horietan.

"Gaur ez dugu ordainduko" mezua autopistan, Aste Santuko itzulera operazioan.

Ondorengoa komunikatu du Fernando Grande-Marlaskaren eskubiko eskua den Ana Botella Gómezek zuzendutako Estatu Segurtasun Idazkaritzak: "Kataluniako Erkidego Autonomikoan 2018ko Aste Santuan jazotako gertaera horiek, zuk pairatu zenituenak, erkidego horretako lurralde epaitegi konpetenteak ari dira ikertzen, desordena publikoko delitu gisa, eta ez Auzitegi Nazionala terrorismo gisa".

Beraz, Espainiako gobernuak ondorioztatu du ez direla terrorismoaren biktimak CDRek ordainsariak irekitzean "kaltetuak".

Bere aldetik, autopistak kudeatzen dituen Abertis enpresak baloratu du ordainsariak altxa izanagatik galdu zuen dirua ez eskatzea CDRei, horrek protesta gehiago eragingo lituzkeelakoan.

Gogoratu behar da operazio antiterrorista horren ondorioz Adrià Carrasco Belgikan erbesteratua dagoela eta Tamara Carrascok bederatzi hilabete daramatzala bere herrian konfinatuta, agindu judizial baten ondorioz. "Ziegarik gabeko espetxean bizi naiz", adierazi zion ARGIAri bigarren honek, elkarrizketa batean.

Ikusi ekimena bideoan.