argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak onartu du Poliziari baimena eman ziola gizarte mugimenduetan infiltratzeko
  • Espainiako barne-ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dagoela bilduta. Polizia horiek inteligentzia agente gisa definitu ditu, "ordenaren eta segurtasun publikoaren" intereseko informazioa bilatzen dutelako.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 03a
Valentzian iInfiltratutako polizia, 2021eko maiatzaren 1eko manifestazio antifaxistan, segurtasun-lerroko kide moduan (Argazkia: La Directa)

Espainiako Gobernuak onartu du Poliziak mugimendu sozialetan infiltratzeko baimena eskatu ziola. Compromíseko diputatu Carlos Muletek Valentziako taldeetan infiltratutako poliziaren inguruan galdetuta, Grande-Marlaskak onartu du Espainiako Poliziaren Informazioko komisario nagusiak Ramon Martinez Hernandez ezizena zuen agentea infiltratzeko baimena eskatu zuela.

Gobernuak ez du Poliziari baimena eman zion ministroaren izenik eman. Marlaskak adierazi duenez, infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dago bilduta. 

"Inteligentzia agenteak"

Inteligentzia agente gisa definitu ditu Marlaskak agente horiek, ez infiltratutako agente gisa. Horren arabera, gisa honetako Poliziek lortutako informazioa ez da ideologien edo mugimendu sozialen ingurukoa, baizik eta "ordenaren eta segurtasun publikoaren intereseko" informazioa.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak, bestalde, Daniel Hernandez Pons ezizenarekin Bartzelonako mugimenduetan eta Errekaleor auzoan infiltratutako poliziaren inguruan galdetu du. Marlaskak adierazi du polizia-jarduera mota horiek "helburu berezietarako" erabiltzen dituztela, "legez kontrako zigor-delituekin zerikusia izan dezaketen susmo sendoak dauden kasuetan", hain zuzen. 

EH Bildu, CUP, Unidas Podemos, Junts, ERC eta Esquerra Confederal taldeek Kongresuan eta Senatuan infiltratutako polizien inguruko galderak egingo dituzte. 

Lau kasu argitara

Jada mugimendu sozial eta politikoetan infiltratutako lau Polizia agenteren inguruko informazioa lortu dute kazetari lanek. Lehenengo hiruak La Directak zabaldu zituen. Hasteko, iazko ekainean  independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Poliziaren identitatea ezagutarazi zuen. 2023ko urtarrilean, berriz, Bartzelonako mugimendu sozialetan eta Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen poliziarena. Eta otsailean Valentziako aktibismoan infiltratu zen poliziarena. Azkenik, Madrilen infiltratutako Polizia baten kasua argitaratu zuen El Saltok martxoan.