argia.eus
INPRIMATU
Sintomarik gabeko gaixoak hotel eta kiroldegietan isolatzea aztertuko du Espainiako Gobernuak
  • Erkidegoetako presidenteekin igandero egiten duen bileran eman du albistea Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Itxialdi amaierarako helburu nagusietakoa test azkarren bidez sintomarik ez duten gaixoak identifikatzea da. Gaixook etxetik kanpo isolatzea aztertzen ari da Gobernua.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 05
Pedro Sánchez hitz-hartze batean. Argazkia: eldiario.es.

Erkidegoei eskatu die apirilaren 10a baino lehen azpiegitura publiko eta pribatuen zerrenda egin eta bidaltzeko, hala nola, hotel, kiroldegi eta halakoen zerrenda prestatzeko. Milioi bat test azkar banatuko ditu Espainiako Gobernuak erkidegoen artean.

Gobernuak adierazi du komunitate zientifikoak aholkatu duela, itxialdia poliki-poliki irekitzen hasteko ezinbesteko baldintza litzatekeela sintomarik ez duten gaixoak detektatzea eta isolatzea, bestela konfinamendua ahuldu ahala kutsatzeko arriskua areagotuko delako. Gaixo asintomatikoak etxetik atera eta hoteletara edo kiroldegietara eramatea aztertzen ari direla adierazi dute, ez da oraingoz agindua.

Neurriak zalantza juridikoak sortzen ditu eta Gobernuak adierazi du salbuespen egoera deklaratu beharrik ez dela izango neurri hori hartzekotan. Neurria gomendioa izan daitekeela adierazi du Gobernuak edo norberaren borondatearen araberakoa. Hala ere, adierazi dute kutsatutakoek erraz onartzeko moduko neurria izan daitekeela, gertukoak kutsatzea saihestuko bailitzateke.