Ez duela horretarako arrazoirik ikusten eta murala ez duela kenduko iragarri du Agoizko Udalak, herritan bertan Mikel Zabalzaren senide eta lagunekin emandako prentsaurrean.
Ahotsa.info-k Idoia Zabalza elkarrizketatu du.
Nafarroako Gobernuari murala ez kentzeko eskatu dio Udalak eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albaren dimisioa ere bai. Mikel Zabalzaren arreba Idoiak salatu duenez, bere anaiaren kasua oraindik ofizialki ikertu gabe dago eta ekinbide horri ekitea eskaru dio Albari.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak atzera bota du Mikel Zabalzaren omenezko murala ezabatzeko Agoizko Udalari helaraziriko lehen eskaera idatzia. Carmen Albak ETArekin lotu zuen Zabalza, eta horrek senideen haserrea eragin du. Espainiako Gobernuko ordezkaritzak jakinarazi du bigarren idatzi bat landu duela, murala ezabatzea aginduz.
Guardia Zibilak 1985ean atxilotua eta torturatu zuen Zabalza; hogei egunera hilik agertu zen Bidasoan. Bere omenez, murala egitea erabaki zuten Agoizko herritarrek, baina Espainiako Gobernua ez dago kontent ekimenarekin: hilabeteko epea eman dio udalari murala ezaba dezan. Egoera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 21ean, Agoitzen.
Zabalza etakidetzat jo zuen Carmen Albak: “Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 2009ko uztailaren 7an emandako aginduaren arabera, ETA erakunde terroristarekin zerikusia duten ikur guztiak ezabatu egin behar dira (ETAko kideen argazkiak, anagramak edo aldeko mezuak dituzten pankartak eta kartelak, e.a.), haiek publikoki erakustea terrorismoaren gorazarre delitua izan daiteke eta”.
Mikel Zabalza ez zuten sekula epaitu. Ondorioz, Zabalza etakide gisa aurkeztu izanak ezinegona eragin du. "Zabalza biktima bat zen; ez zen ETAko kidea. Atxilotu eta torturatu egin zuten, hil arte”, azpimarratu du Unai Lako Agoizko alkateak Berriari eskainiriko elkarrizketan.
Baieztatu du Agoizko Udalak ez duela murala ezabatuko, eta bide beretik jarraitzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Espainiako Gobernu ordezkaritzak aurreko legealdian Nafarroako Gobernuarekin sinaturiko akordioaren arabera, udalak agindua ez betetzeko erabakia hartuko balu, Nafarroako Gobernua litzateke murala ezabatzearen arduradun.
Mikel Zabalzaren arreba ere mintzatu da gaiaz. Ahotsa.info-ri eskainiriko elkarrizketan, Idoia Zabalzak azaldu du “tortura salatzeko egiten diren ekimenak isilaraztea” dela Espainiako Gobernuaren xedea. Carmen Albaren jarrera deitoratu du: “Gure kasua irekitzeko eskatu behar lioke ministerioari, kuartelek egin dutena ezkutatu nahian, pintadak ezabatzea exijitu beharrean”.
Egoera salatzeko agerraldia
Agoizko hautetsiek, Mikel Zabalzaren senideek, Mikel Zabalza Gogoan taldeko kideek eta Aezkoako ordezkariek agerraldia egin dute ostiral goizean Espainiako Gobernuaren jarrera salatzeko. "Benetan larria da mural hau terrorismoaren gorazarretzat jotzea", esan du Lakok; eta Albaren dimisioa eskatu du.
Mikel Zabalzaren murala ezabatzeko eskaerak eragindako ezinegonaren aurrean, idatzi berri bat landu duela iragarri du Espainiako Gobernuko ordezkaritzak, “justifikaziorik gabe eta modu orokorrean, Estatuko Segurtasun Indarrak tortura praktikengatik akusatzen jarraitzea saihesteko”. Adierazi du inoiz ez duela Mikel Zabalza “ETArekin edo beste edozein erakunderekin” lotzeko asmorik izan.