argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak maskaren gehienezko prezioa ezarri du: 0,96 euro
  • COVID-19aren pandemiak Espainiako Estatua kolpatu zuenetik aurpegia babesteko maskaren eskaera izugarri hazi da farmazietan. Biztanle guztientzako maskara nahikorik ez egoteak eta enpresa ekoizlearen gehiegizko prezioek erabiltzaileek maskarengatik ordaindu beharreko prezioa biderkatu du. Orain, farmazien eskaerari kasu eginez, Gobernuak gehienezko prezioa jarri du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 22a
Maskara kirurgiko bat. Argazkia: Diario Córdoba.

Espainiaz gain beste hainbat estatuko kasuetan gertatu da maskaren eta higiene produktuen prezioek izugarri egitea gora. Farmazietan soilik ez, interneteko salmentetan ere gorakada handia izan dute produktuok.

Espainiako Estatuko farmazietan eta Hego Euskal Herrikoetan argi ikusi da hori: ekoizlearen prezioaren arabera saldu behar izan dituzte maskarak, galerarik ez izateko. Baina ekoizle bakoitzak prezio desberdina zuenez farmaziatik farmaziara prezioak desberdinak izan dira.

Hori horrela, farmaziak “espekulazioaren” biktima izaten ari zirela salatu zuen Farmazia Kolegiatuen Erakundeak, eta Gobernuari prezioak finkatzeko eskatu zion “ekoizpenetik salmentara arte”.