Espainiako Barne ministro Jorge Fernández Díazek adierazi du Hego Euskal Herriko hauteskunde legeak aldatuko dituztela. Helburua "ETAren mehatxuz erbesteratutakoek" Hego Euskal Herrian bozka eman ahal izatea da. Aldaketa "egingarria" eta "posiblea" ikusten du ikuspegi tekniko, juridiko eta konstituzionaletik begiratuta.
Fernandez Díazek esan duenaren arabera, Hauteskunde Legearen aldaketarako ondorioak talde parlamentarioei azalduko dizkiete. Hedabideei egindako adierazpenetan esan du aldaketa ez dagoela "datozen hauteskundeetarako pentsatua, hurrengo belaunaldietan baizik, justizia egin dadin".
Hego Euskal Herrian 1977ko ekainaren 15etik 2011ko abenduaren 31ra gutxienez bost urtez bizitu zirela eta "biolentzia terroristagatik" joan zirela froga dezaketenek izango dute bozka eskubidea. Legean 33 bis artikulua idaztea proposatu dute 20 juristaz osatutako taldean. Dokumentu horrek "ustezko egiazkotasuna" izango du ("presunción de veracidad" jatorrizko adierazpenetan).
PP eta UPyD izan ezik, beste alderdi guztiak neurriaren aurka agertu dira, eta hauteskundeen emaitzak aldatzea aurpegiratu diete. Antonio Basagoiti izan zen orain hilabete batzuk "ETAren erbesteratuek" bozka eskubidea izan behar luketela publikoki aipatu zuen lehena, eta zenbait alderdik gaiak aurrera ez zuela egingo uste arren, beste maila batera pasa da Espainiako Gobernuaren oniritziarekin 20 juristako taldeak "egingarria" eta "posible" ikusi dutenean.