argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak lan erreforma hitzartu du, baina PPrena indargabetu gabe
  • Patronalarekin CCOO eta UGT sindikatuekin akordioa lortu du Espainiako Gobernuak. Europako Batasunak eskatu bezala, neurriak adostu dituzte behin-behinekotasuna murrizteko, baina enpresek segiko dute langileak kaleratzeko erraztasuna izaten.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 24a
Hiruko akordioa izan da, gobernua, patronala eta sindikatuena. / Argazkia: @elpce.

Abenduaren 28ko Espainiako Ministro Kontseiluan bozkatuko dute lan erreforma berria, gobernuak sindikatuekin eta patronalarekin hitzartutakoa. Europako Next Generation diru-funtsak eskuratzeko baldintzetako bat horixe zen: urte amaierarako behin-behinekotasuna eta prekaritatea amaitzeko neurriak hartzea. Halere, ez dute Mariano Rajoyren gobernuan egindako lan erreforma indargabetu; legeari aldaketa batzuk egin dizkiote.

Yolanda Diaz Lan ministroak hiruko akordioa “historikotzat” jo du: “Espainiako lan merkatua Europakoarekin parekatzen du”. Puntu nagusietako bat izan da behin-behinekotasunari dagokiona. Langile bat gehienez bi urtez egon daiteke behin-behineko kontratuekin lanean enpresa berean, 18 hilabete baino denbora luzeagoan eta bi kontratu edo gehiagorekin izan bada. Gainera, hori betetzen ez duten enpresek zigor handiagoagoak izango dituzte: kontratu irregularra duen langile bakoitzagatik ordaindu beharko du, 10.000 euro arteko zigor ekonomikoa.

Beste eduki aldaketa nagusia izan da hitzarmen kolektiboei dagokiena. Sektoreko itunek lehentasuna izango dute, enpresa itunen aurretik. Halaber, 2012ko lan erreformak urtebetera mugatu zuen ultraaktibitatea berriz mugagabea izango da. Itun kolektibo bat iraungitzen denean, indarrean mantenduko da hurrengoa adostu arte. Halere, lan erreformaren behin-betiko testuak aldaketak edota ñabardura zehatzak izan litzake negoziazio kolektiboen gaian.

Dena dela, enpresentzat erraza eta merkea izango da langileak kaleratzea. Bidezko kaleratzeetan lan egindako urteko 20 egun ordaindu beharko dute, eta bidegabekoetan 33. Lege berriak indartu egin nahi ditu aldi baterako erregulazioak. ELA eta LAB sindikatuak oso kritiko mintzatu dira lan erreformaren gainean. Salatu dute enpresen alde egiten duela, eta 2012ko PPren erreforma ez dela indargabetzen.